Kontsumitzaile euskaldunak guztiz babes barik dagoz Kontseiluaren arabera

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko ots. 17a, 00:00

Orain hamabi urte martxan onartutako Kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideei buruzko dekretuaren betete mailearen inguruko balorazinoa egin dabe gaur Euskerearen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari Paul Bilbaok eta arlo instituzionaleko arduradun Iñaki Lasak, Bilboko La Bolsa Udaltegian. Hamarretik zazpik ez dabe araudia beteten.

Ohartarazo genduan, eta tamalez, jazo da esanez hasi dau agerraldia Paul Bilbaok. Betete-mailearen inguruan egindako azterketak erakusten dabenez, dekretua ez da tresna juridiko eraginkorra hizkuntza eskubideak bermatzeko. Bere gunean oso ondo balorau genduan dekretua bera, helburuak beteteko ipinitako epe zehatzak eta bete ezean izango ziran zehapenak bere bai, esan dau. Baina, hamabi urte pasau ostean ez da aurrera egin, Kontseiluko buruaren eretxiz.

Eusko Legebiltzarrak 2003an onartu eban Kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideen ganeko dekretua, eta 2011n, Patxi Lopezen gobernuak urtebete luzatu eban araudia beteteko epea, eta hurrengo urtean zehapen edo zigor guztiak kendu zituan. Beraz, enpresentzat bardin da araua bete edo ez, nabarmendu dau Bilbaok.

Zehapen barik, dekretua homilia bat da, diskurso bat besterik ez da. Katalunia eta Quebeceko esperientziak izan ditue gogoan. Herrialde biek zigorrak daukiez araudia bete ezean. Hori da bide egokia, Kontseiluaren ustez, ezin daiteke dana itxi boluntarismoaren esku.

Dekretua noraino bete dan ikusteko azterketea egin dabe bai Eusko Jaurlaritzeak bai Kontseiluak. Metodologia guztiz desbardina izan arren (Jaurlaritzeak telefonoz egin dau galdeketea, eta Kontseiluak, ostera, aurrez aurre) emoitzak antzekoak izan dira, hau da, dekretuaren eraginpeko hamar enpresetatik hiru besterik ez dabe araua beteten. Ezin da holan segidu -esan dau Bilbaok- Kontsumitzaile euskaldunak guztiz babes barik dagoz euskeraz bizi gura badabe.

Erakundeen eta euskalgintzearen arteko alkarlana ezinbestekoa dala eresten deutsa Kontseiluak; erakundeek dekretua aldatu beharko leukie eta zehazpenak berreskuratu, eta euskalgintzeak, herritarrak aktibau. Aste honetan, eguenean, Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzeak batzarra daukie gai honen ganean berba egiteko.

Kontseiluak sarean dauka daborduko Kontsumitzaile eta erabiltzaile euskaldunen hizkuntza-eskubideak. 123/2008 Dekretuaren betetze-maila txosten osoa irakurgai, hemen.

Osorik irakurri