Sentsazinoetara, emozinoetara, zentzumenetara jo nahi izan dabe Huhezinemaren antolatzaileek aurtengo edizinoan, eta horregaitik aukeratu dabe Zinema ziztadak leloa. Film laburrak, laburrak izanik, ziztada bat lez sartzen jakuz. Bertan kontetan diran istorio batzuk geugaz gelditzen dira, zainetan gora eta behera, azaldu dabe.
Zinema jaialdia antolatzen dabilen taldeak jakinarazo dauenez, orain arte egin daben idea zaparradearen ondoren, erleak, erlauntzak, ziztadak eta eztia izan dira irabazle, eta gaineratu dabe zinemagintzea erlauntz handi bat moduan ikusten dabela: Erlauntzak lan-talde handi bat legez ulertzen doguz, film labur bat egiteko orduan beharrezkoa dan lan-taldearen parekoak. Zinemagintzea erlauntz handi bat legez ikusten dogu eta hor erleek gogotsu egiten dabe lan, bakotxak bere ekarpena eginez, obra handi bat egiteko.
Kontuak kontu, Euskal Film Laburren Jaialdiaren zortzigarren edizinoa 2015eko apirilaren 28tik 30era bitartean ospatuko da Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxean. Huhezinema freskotasunez dator, ikus-entzunezko bederatzi ikaslek osotzen daben lan-talde barriagaz eta Iban del Campo irakaslearen urteroko laguntzinoagaz. Jaialdiak antolatzen dituan hiru lehiaketak, Sail Ofiziala, MUko Ikasleen Lehiaketea eta Basque Culinary Center Lehiaketea zabalik dagoz eta lanak bialtzeko azken eguna 2015eko martiak 17 izango da.
Aurten, barrikuntza bi izango ditu Huhezinemak:
Sail Ofizialeko sari banaketea bestelako modu baten egingo da aurten: finalista bakotxak 200€ko saria jasoko dau. Hortik aurrera, beste 3 sari emongo dira: epaimahai ofizialak Goiena Saria (+800€), jaialdiko ikusleek ikusleen Saria (+200€) eta jaialdiko ikasle antolatzaileek Aktore Onenaren Saria (+100€).
Basque Culinary Center lehiaketea indartzeko asmoz, lehen aldiz Euskal Herriko edozein ikaslek izango dau parte hartzeko aukerea.