Bilboko Qiao-Zubia Kultur Alkartea eta Euskadiko Txinatarren Alkartea bigarren urtez batu dira txinatar urte barria ospatzeko Bilbon eta herritarrei kultura honen berezitasunak erakusteko. Ekitaldi publikoa datorren domekan, zezeilaren 22an izango da. Bizilagun guztien gozamenerako, kultur eta aisialdiko ekitaldia izango da Arriaga plazan, eguerdian. Txinatar egutegiaren arabera, zezeilaren 19an, 4.713. urteari hasiera emongo deutsagu eta txinatar horoskopoan Egurrezko Ahuntzari jagoko.
Txinatar kulturearen ospakizunik garrantzitsuena da eta oraingo honetan, bosgarrenez, Qiao-Zubia Kultur Alkarteak be bat egin dau eta Bilboko herritarrei herrialde horretako kulturearen zati bat erakutsi nahi izango deutso. Bigarren urtez, gainera, Euskal Herrian bizi diran txinatarren alkarteak ekimenagaz bat egiten dau eta euskaldunokaz batera euren herriko tradizinoetako bat modu publikoan be ospatuko dau.
Pasa dan urtean alkarte bi horreezaz aparte, Bilbon txinerea hizkuntzea irakasten daben beste ikastegi batzuek be parte hartu eben ekitaldian. Aurten, Qiao-Zubia Kultur Alkarteak aparteko esfortzua egin dau eta talde desbardinak buztartu izan ditu ospakizunean. Honi esker, JMA Ekialdeko Arte Martzialen Eskoleak eta ADI Metodoaren Eskoleak be parte hartuko dabe.
Eguerdiko 12:00etan jaialdiari hasierea emongo jako eta Qiao-Zubia Kultur Alkartea eta Euskadiko Txinatarren Alkarteko kideen agurraren ondoren, arte martzial desbardinen erakustaldia (kung fu, burruka arteak, akrobaziak), Dragoiaren Jantzearen antzezpena eta ghuzen musika tresnearen musikaz gozetako aukerea izango da, besteak beste. Gainera, Bizkaian txinerea hizkuntzea irakasten daben bost ikasketa zentroetako ikasleek be txinatar kantak abestuko ditue ekitaldiak irauten dauen bitartean.
Ekitaldi publikoa amaituta, alkarte guztietako kideek bazkari bategaz jarraituko dabe ospakizuna.
Egitaraua
Arriaga Plazan, 12:00etatik 14:00ak arte.
12:00 Dragoiaren jantzea.
12:10 Harrerea eta aurkezpena. Lehoiaren jantzea.
12:15 Nihao China eskolea.
12:25 JMA Ekialdeko arte martzialen eskolea: Kung Fu eta Tai Chi.
12:35 La Casa del Chino de Barakaldo eskolea.
12:50 JMA Ekialdeko arte martzialen eskola: borroka arteak: Bu Dao eta ezpata
13:05 Musika guzhen tresneagaz.
ADI metodoa: Tai Chi.
13:15 Asociación de Chinos en Euskadiko ordezkariaren agurra eta kantak.
13:30 ADI: Yoga, Cardio Box, Kung Fu, akrobaziak.
13:50 JMA Ekialdeko arte martzialen eskolea: Tai Chi publikoagaz batera.
Egurrezko Ahuntzaren urtea
Txinatar horoskopoaren arabera, zezeilaren 19an, Egurrezko Ahuntzaren urtean sartuko gara. Zazpigarren aroa da hau. Sinismen hau jarraituz, ahuntza azkarra, argia eta zorrotza da. Adeitsua da eta ingurukoen gogoetara adi ibilten da. Eskuzabala, sentimentala eta bizitzarako moral zorrotza aurkezten dau.
Antolatzaile eta laguntzaileak
Qiao-Zubia Kultur Alkartea eta Euskadiko Txinatarren Alkartea dira ekitaldiaren antolatzaileak. Qiao-Zubia Kultur Alkarteak urte osoan zehar lan egiten dau txinatar kulturea gure artean ezagutzera emoteko eta herri horretako eta Euskal Herriaren arteko zubi kulturalak sortu eta jakintzaren partekatzea sustatzeko. Gure artean bizi diran txinatarrei laguntzinoa eta babesa eskaintzen deutse integrazinoa sustatzeko.
2008an jaiotako alkartea da, txinatar eta euskaldunen arteko loturak sustatzeko; txinerea, euskerea eta gaztelania hizkuntzak ikasi eta berba egiteko; eta alkarren arteko kultur berezitasunak konpartiduteko.
Egun 50 lagun inguru izanda, euskaldunez eta baita gure artean bizi diran txinatar jatorriko lagunez osotuta dago. Familia mistoak be badira, euskaldun eta txinatarrak, bertokoak izanda txinatar jatorria daben seme-alabak dituenak.
Qiao-Zubiak urte osoan zehar ekitaldiak antolatzen ditu eta inguruko beste alkarteakaz hartu-emonak izaten ditue: jardunaldiak, ibilaldiak eta bestelakoak antolatuz. Guztiak harreman kulturalak estutzeko eta kanpotik etorri izan diranak gure artean gizarteratzen laguntzeko helburuakaz.