'Mungian zaharrak barri'

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko ots. 20a, 00:00

Bart, Mungian egindako Mungian zaharrak barri material didaktikoaren aurkezpenean izan dira Udalaren izenean, Igor Torrontegi alkatea, Maribi Egia eta Iraide Iturri euskera teknikariak, Labayru Ikastegiaren izenean, Adolfo Arejita, Akaitze Kamiruaga eta Ziortza Artabe eta Adiunetik Jose Aspuru.

Mungian zaharrak barri izeneko material hau herrian egin zan ikerketa etnografikoaren bigarren emoitzea dogu. Izenburuak ederto adierazoten dauen moduan, lan honen helburua, Mungiako euskal ondare etnografikoa eta linguistikoa batu, sailkatu, landu eta beragaz Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako lehenengo zikloko umeentzako Euskal Curriculumean txertagarri dan material didaktiko-pedagogikoa eskaintzea izan da. Azken baten bizimodu tradizionala eta herri jakituria batu eta modu barritu eta erakargarri baten zabaltzea eta gizarteratzea. Material honetan, aparteko garrantzia emon jako hizkuntzeari eta komunikazinorako gaitasunari, ahozkotasunaren eta erregistroen trataeran. Finean, tokiko euskerearen erabilerea sendotze aldera, etxeko eta eskolako euskerearen arteko zubi-lana egitea izan da asmoa.

Lan honek bi eratako edukiak eskaintzen ditu: unidade didaktikoak, batetik, eta material osogarriak, bestetik. Unidadeok testuz, irudiz, bideoz eta audioz horniduta dagoz. Informazioa gaika antolatuta dago, eta multzo handi bitan banatuta: Haur Hezkuntzea eta Lehen Hezkuntzea (0- 3 urte  /  3-6 urte  / 6-8 urte).

Materialok era didaktikorik egokienean atondu dira, ikastetxeetan irakasleek edota etxeetan gurasoek umeakaz erraz erabilteko modukoak izan daitezan. Lan hau euskarri desbardinetan aurkezten da: webgunean eta liburuan. Gura izan ezkero, sarean dagoan informazio guztia, fitxategi exekutagarri baten bidez norbere ordenadorean deskargetako modua be badago. Horrezaz gan unidade guztiak paplrean inprimidu daitekez.
 
Lan honen oinarria 2008an egindako ikerketea da. Orduan landa-lana egiteko ama-hizkuntza bertako hizkerea eben 24 informante alkarrizketatu eta grabau ziran. Grabazinootan Mungiako ondarea batu zan, ondare berbea bere esangura zabalenean hartuta: ondare etnografikoa (eguneroko bizimodua, lanbideak, ohiturak, olgetak, urte-sasoiei lotutako ekintzak eta errituak...), ondare lexikala (berbak, esaera zaharrak, esamoduak...) eta ondare etnolinguistikoa (kantak, ipuinak, bertsoak...). Horretarako berenberegiko galdetegia atondu eta bertan hamaikatxu arlo batu ziran, betibe Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako umeentzako erazkoak ziran gaiak zehaztuta, eta Eskola Curriculumeko eredu eta erispideei jarraituta.

Herri-jakituria eta kultura tradizinoa modu sistematikoz eta metodologikoz batuta, berreskuratze kultural eta linguistikoari ekin deutsagu; eta ahoz batutako materialak egokituta eta plazaratuta, gizarteari eredu baliogarriak eta irakaskuntzarako erreferentzia egokiak eskaintzeaz gan, bere aberastasunari eutsi eta iraunarazoko deutsagu. Era horretara, aurrekoak izan ziran moduan, ostekoak be ondasun horren jaube eta jagole izan daitezan.

Horretarako, euskal hizkuntzea, kantu, ohitura, eta azken baten euskal kultureari buruzko zaletasuna sortu, indartu eta zolitu egin beharko dogu, baina ez ume eta gazteakan bakarrik; helduen, irakasleen eta gurasoen artean be bai, eurak diralako gure kultura ondareori ezagutarazoteko eta irakasteko arduradunak.

Materiala euskera batuan aurkezten da, baina betibe batuak ontzat emoten dituan bizkaierazko egiturak sartuta eta mungialdeko barianteko lexikoa kontuan hartuta. Bideoetan, ostera, lekukoen erregistroa batzen da, bertoko-bertokoa. Guk ahozko formei garrantzia emon gura izan deutsegu, ze ikusten da sarri hizkuntza eredu bakarra lantzen dala: idatzizkoa; kontuan hartu barik idatzizkoa eta ahozkoa desbardinak dirala. Eta gehienetan bertoko lexikoa hortik kanpora lotzen da. Ondorioz geure-geureak diran berbak eta esamoldeak gero eta nekezago entzuten doguz. Hutsune hori betetera dator material hau, gure nagusien eredua jatorra eta guztiz baliogarria da ikusten dan erregistro falta hori beteteko.


Datuak

- Interaktiboan batetik unidade didaktikoak dagoz eta bestetik material osogarriak.
- Unidadeak testuz, irudiz, bideoz eta audioz horniduta dagoz.
- 1.200 argazki batu dira lanera, eskuartean 10.000 argazkitik gora erabili arren.
- Bideoak: 200
- Audioak: 70
- Kantak: 113
- Marrazkiak: berenberegi lan honetarako Enrike Morente eta Javier Galdosek egindakoak.

Mungian zaharrak barri lanaren egilea Labayru Ikastegiaren Herri Ondare Atala izan da eta argitaratzailea, barriz, Mungiako Udaleko Euskera Zerbitzua.

Osorik irakurri