Euskaltzaindiaren webgunean irakurgai dagoz daborduko Euskera agerkariaren 2013ko zenbaki biak. Aldizkariaren hemerotekan ipini ditue, Azkue bibliotekan katalogatu eta indexau ostean. Liburuki bi dira: Euskera 2013, 1 eta Euskera 2013, 2. Agerkarietako batean 2013. urteko Akademiaren lanak eta bizitza akademikoa batu ditue, eta bestean, ikerketa-lanak eta ekarpen teorikoak nahiz praktikoak.
Euskera 2013, 1 liburuan Euskaltzaindiaren bizitza akademikoa jaso dabe. Besteak beste, honako gaiak agiri dira: Iruñean Euskara Nafarroatik izenburupean egin ziran Jagon Jardunaldiak, Zarautzen egin eben Basarriren omenezko jardunaldia edota urte horretako Osoko bilkuretako aktak.
Jean Haritschelhar euskaltzainburu zanaren eta Karmele Rotaetxe ohorezko euskaltzainaren omenez irakurri ziran hilbarri-txostenak be batu dira liburukian. Beñat Oihartzabalek eta Xabier Altzibarrek, hurranez hurran, egin zituen txostenok. Ingalaterrako Birminghameko Unibersidadean, Larry Trask ohorezko euskaltzain zanaren omenez, Nicholas Gardner Euskaltzaindiaren Historia Soziala egitasmoko kideak emon eban berbaldia be argitaratu da zenbaki honetan.
Euskera 2013, 2 liburuak, ostera, ikerketa-lanak jasoten ditu. Gai nagusiak honeek dira: Eusebio Maria Azkueren omenez egin zan jardunaldirako, Jon Kortazarrek, K. Josu Bijuescak eta Xabier Altzibarrek idatzi zituen txostenak; eta Euskal Literaturaren Historiografiari buruzko II. Jardunaldia dala-eta, Ana Maria Toledok, Lourdes Otaegik, Jon Casenavek, K. Josu Bijuescak eta Joseba Gabilondok egindako materiala.
Horrezaz gan, bestelako ikerketa lanak ere jaso dira zenbaki horretan: Intertestualitatea abiaburu: Haranburu Materreren harrobian, Patxi Salaberri Muñoarena; 'Literatura Unibertsala' bildumako berbaurreen azterketa, Miren Ibarluzearena; Modernismoaren zantzuak Antonio Arrutiren poesian, Alexander Gurrutxagarena; Genero eta sexuaren berridazketa: Itxaro Borda eta polizia eleberrien kasua, Gema Lasarterena; Sobre el topónimo Guillarte (Gillarte), Felix Mugurutzarena; eta Estudio lingüístico-histórico del nombre Berantevilla, Roberto González de Viñasprerena.
Beste bi artikulu batu ditue liburuki honetan: batetik, Hommage a Jon Mirande (1925-1972), hau da, Euskaltzaindiak eta Mauleko Herriko Etxeak antolatutako ekitaldian, Christian Angelié Miranderen lobeak esan zituan berbak batzen dituana; eta bestetik, Teatrogileek teatroaz. Maite Agirre, Antton Luku eta Ander Lipus, Jaime Valverdek idatzita.