Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak urte osoan bere programazinoari jarraipena emoteko antolatzen dauen Hileko dokumentala estreinaldien zikloak Rodrigo H. Vilaren Mercedes Sosa, la voz de Latinoamérica (Argentina, 2013) filma eskainiko dau datorren eguenean, zezeilaren 26an. Emonaldia Multicine zinema-aretoan izango da, arratsaldeko 20:00etan, eta sarrerak 3,70 euro balioko dau, Zinebiko arduradunek jakinarazo dabenez.
Mercedes Sosa, la voz de Latinoamérica, 2009an hil zan emakumearen, artistearen eta aktibistearen mundura egindako bidaia intimoa da. Latinoamerikak eszenatoki gaineko ahots handia galdu eban, baina, beste ezer baino gehiago, ausardiaz betetako ahotsa galdu eban bidebakokerien kontrako protestetan, azaldu dabe.
Manifiesto del Nuevo Cancionero izeneko mobimentuaren kide zan folk abeslari argentinarrak heriotza mehatxu asko jaso zituan, eta erregimen militarrak erbestera bialdu eban 1980ko hamarkadan.
Sosak 15 urte zituala hasi eban bere ibilbidea, Tucumán uriko irratian abesti lehiaketea irabazi ebanean. Bere ahotsaren erregistroak eta ñabarduren aberastasunak, melodia baino gehiago, bere herriaren mina eta itxaropenak zabaltzen zituan, eta zenbat eta ezagunago bilakatu, ezkerrerako eban jokereak gero eta deserosoago bilakatzen eben Argentinako agintarientzat.
Haren musikea galarazo egin eben irratian eta telebistan, eta 1978an, La Platan emoten egoan errezitaldi batean, eszenatokian bertan atxilotu eben. Jazoera horren ondorioz, Europako zenbait herrialdetara joan behar izan eban, erbestera, eta horrek min handia eragin eutson, dokumentalean ikus daitekeenez.
Dokumentala jatorrizko bersinoan eskainiko da, ingelesez, gaztelaniaz, italieraz, frantsesez eta portugesez, gaztelaniazko azpidatziakaz. Sari garrantzitsuak jaso ditu dagoeneko erreferentziazko hainbat dokumentalen jaialditan, besteak beste, DocsBarcelonan, Panaman, Sydneyn, Herbehereetan, Montrealen eta Thessalonikan.
Bestalde, Rodrigo H. Vila hedabideen produktore legez graduau zan 1993an, eta zuzendari eta produktore lanak egin zituan hainbat komunikabidetan. 1998an, Cinema 7 Films sortu eban, eta azken hiru urteetan Nazinoarteko Doc Meeting Argentina Forumaren zuzendaria izan da. Bere ibilbidean hainbat sari jaso ditu, horreen artean, Argentinako sari garrantzitsuena dan Martin Fierro, Nazinoarteko Produktore Onenari emondakoa.
Kontuak kontu, Zinebik jarraipena emoten deutso urte osoko programazinoari Hileko Dokumentala zikloaren bidez. Ekimenagaz, generoaren zaletuek nazinoarteko beste jaialdi batzuetan sariak lortu dituen edo aukeratuak izan diran arren merkataritza zirkuituan ia banaketarik lortu ez daben lanez gozetako aukerea izaten dabe. Holan, Parallel40 banaketa etxearen eskutik, Multicine zinema-aretoetan zientziaren, ekonomiaren edo gizartearen ganeko erabateko gaurkotasuna daben gaiak lantzen dituen dokumentalak ikusteko aukerea izango da.