Ipuin eta kontakizunak ahoz aho zabaltzean, herriaren kulturea eta nortasuna ezagutarazoten dira eta helburu horregaz, Ahoz Aho Jaialdia antolatu dau zortzigarren aldiz Intujai Teatrok. Ordizian eta Tolosan egingo ditue ekitaldiak zezeilaren 27tik martiaren 21era arte, eta Japonia, Kolonbia, Kuba, Bulgaria eta Azerbaijango hainbat konbidaduk hartuko dabe parte bertan. Hogei ipuin kontalari eta artistak hartuko dabe parte; horreetako sei kanpokoak dira, eta ganerako hamalauak, Euskal Herrikoak.
Jaialdiko emonaldietako asko doban izango dira, eta sarrerea pagau behar dan kasuetan oso merkea izango da. Ipuin kontalaritzea ez dala umeentzako ikuskizuna bakarrik gogorarazo dabe antolatzaileek, eta emonaldietara edade guztietako ikusleak alkarregaz joateko gomendioa egin dabe, holan ikuspegi desbardinen arteko alkarrizketa aberasgarria sustatzeko.
Jaialdi honek hiru atal ditu: alde batetik, formakuntzea, egunotan eskainiko diran bi ikastaroren bitartez; lehiaketa bat be izango da Ordizian; eta bestalde, istorio desbardinak ezagutzeko aukerea izango dabe herritarrek. Diziplina desbardinak ikusteko aukerea egongo da, ipuinak kontetako tresna ugari erabiliko dituelako kontalariek: txotxongiloak, bertsoak, malabarismoa... .
Bestalde, Ahoz Aho jaialdiak ipuinak dauzkan perfil guztiak erakusteko balio dauela adierazo eben prentsaurrean. Gainera, Ordizia kontalarien harrobi bihurtu nahi dabe, eta horretarako, ikastetxeetan ahozkotasunaren ikastaroa eskainiko dau Bea Egizabalek.
Horrezaz gan, jaialdiak kultura japoniarra hobeto ezagutzeko aukerea eskainiko dau, izan be, Hiromi Yoshidak raku izeneko diziplinea aurkeztuko dau. Itzultzailea da, eta euskal kontalariakaz dabil beharrean. Japoniako ipuinak Euskal Herriko hiru kontalarik emongo ditue, Axen Escaladak, Arantzazu Maizek eta Maider Ibargurenek, Hiromi Yoshida itzultzaile eta produktore japoniarraren gidaritzapean, rakugoen ahozko tradizinoa euskerara egokituz. Rakuaren ezaugarri batzuk aitatu zituan kazetarien aurrean: Helduentzat egina da, eta istorio guztia persona bakar batek kontetan dau, jesarrita, kimonoa eta abanikoa jantzita ditualarik. Gainera, gehienak umorezkoak dirala gehitu eban, eta Ahoz Aho Jaialdian eskainiko dituenek 15-20 minutuko iraupena izango dabela.
Bestalde, gala bana izango da herri bakotxean: Ordiziakoa martiaren 20an izango da eta lehiaketearen finala hartuko dau; Tolosakoa, barriz, hurrengo egunean, 21ean izango da.
VIII. Ahoz Aho, Ahozkotasunaren Nazinoarteko Jaialdiaren egitarau osoa ikusteko klik egin hemen.