Leonardo Padura idazle kubatarraren ipuin guztiak batzen dituan Aquello estaba deseando ocurrir liburuaren aurkezpena egingo dabe Bilboko Bidebarrieta liburutegian martiaren 11n. Idazlea bertan dala, ekitaldia 19:30ean hasiko da, sarrera libreagaz jesarleku guztiak bete arte.
Paduraren lanak 14 hizkuntza desbardinetan irakurri daitekez. Sari eta aintzatespen garrantzitsuak jaso ditu, horreen artean, 2012an irabazitako Kubako Literatura Sari Nazionala, Bidebarrieta Kulturguneko iturriek prentsa ohar bidez jakinarazo dabenez.
Maitasuna eta erotismo ugari, nostalgia eta adiskidetasuna erakusten daben kontakizunak, personaia ahaztezinez eta oraindino kontau barik dagozan bizitzez betetako uri baten atmosfera karibearrean sartuko dabe irakurlea, azaldu dabe. Izan be, Paduraren eleberriek eskaintzen daben Habanako unibersoa berehala ezagutzeko modukoa da, baina orain arte bere kontakizunak ez dira sekula liburuki bakarrean jaso.
Haren ipuinak istorio bikainak dira, eta protagonistak, anitzak: Angolatik Habanara itzultzen diran eta Madrilera (bertan, zoriak iraganera eroango ditu) heltzen diran kazetari ilunak; antxinako distirea daben boleroek eta abeslariek liluratutako ikasle gazteak; gauez Habanan gora eta behera ibilten diran gizon bakartiak; idazle izateagaz ames egiten daben baina euren biografia kontakizun hunkigarriena daben personak; eta, etsi-etsian, Miamirantz itsasoratzen diran kubatar horreek guztiak.
Leonardo Padurak (Habana, 1955) gidoilari, kazetari eta kritikari lanak egin ditu luzaroan, Mario Conde detektibea protagonista dauen polizia eleberri sailagaz nazinoarteko aintzatespena lortu arte: Pasado perfecto, Vientos de cuaresma, Máscaras, Paisaje de otoño, Adiós, Hemingway, La neblina del ayer eta La cola de la serpiente dira haren lan batzuk. Horrezaz gan, La novela de mi vida, El hombre que amaba a los perros (hamar hizkuntza desbardinetan irakurgai dago eta eskubideak zinemarako salduta ditu) eta Herejes (Novela Histórica Ciudad de Zaragoza Saria) be idatzi ditu.