Bilboko Udal Liburutegi Sareak Emakumearen Egunaren ospakizunagaz bat egin eta herritarrentzat, oro har, makinatxu bat ekitaldi antolatu ditu. Bardintasun, Lankidetza eta Herritarren Gaietarako Sailagaz alkarlanean, Bidebarrietako Liburutegiak, helduei zuzendutako zineforum saioa jasoko dau eguaztenean, martiaren 4an, arratsaldeko 18:30etik aurrera. Eskainiko dan lehenengo lana, Manuela Moreno zuzendariaren Camas izango da, eta ondoren, Céline Telerman zinemagilearen ¿Por qué las mujeres queremos más? film luzea. Emonaldien ondoren, Zinemakumeak Gara alkarteko Ana Gutiérrezek eta Bardintasunaren Aldeko Bilboko Emakumeen Kontseiluko arduradun batek dinamizauko daben barriketaldia zabalduko da.
Beste alde batetik, Bilboko Udal Liburutegi Sareak, umeei zuzendutako euskerazko lau ipuin-kontalari saio antolatu ditu, Zabalako, Castañoseko, Zurbaranbarriko eta Begoñako liburutegietan. Saio horreetan, tolerantzia, errespetua eta, batez be, neskatoen eta mutikoen arteko bardintasuna lako balioak sustatuko dituen testuak landuko dira. Zabalako liburutegiak Bardintasuna maite dugulako jasoko dau; Castañosekoak, Nesken alde denon alde lana eskainiko deutse txikienei, eta Zurbaranbarriko Liburutegiak Printzesak, bai zera! aurkeztuko dau. Ipuin-kontalari saio horreetarako izena emon beharko da aurretik liburutegietan bertan, eta eguazten honetan, martiaren 4an, izango dira arratsaldeko 18:00etatik aurrera, eta Zurbaranbarrikoa martiaren 5ean, ordu berean.
Jarduera berezi horreek datorren zapatuan, martiaren 7an, amaituko dira, Begoñako liburutegian programautako saioagaz. Bertan, Neska eta mutilen artean: mundu bat umeentzako ipuina izango da, eguerdiko 12:00etatik aurrera. Kasu horretan, sarrerea librea izango da, leku guztiak bete arte.