Argazkiak, bideoa eta kirola egiteko materiala batu dau Euskal Museoak Emakumea eta Kirola erakusketarako. Joan dan mendearen erdialdeko hamarkadetan Bizkaian egondako emakumezko kirolari azpimarragarrienetako batzuen barri emoten da bertan. Izan be, sasoi haretako emakumeek traba asko topetan zituen goi mailako kirolean jarduteko eta euren ahalegina azpimarratu nahi dabe erakusketeagaz. Bagilaren 15era arte egongo da ikusgai, museoaren beheko solairuan.
Emakumeok, bizitzearen arlo askotan, ezkutuan egon gara luzaro, edo hobeto esateko, ezkutuan euki gaitue, adierazo dau Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko kultura zinegotziak. Uste dot Euskal Museoak bete betean igarri dauela erakusketa honegaz, emakumeen lana argitara ekarteko sasoia da, ganeratu dau. Hain zuzen be, andrazko batzuek egindako ahaleginari balioa emotea da erakusketearen helburu nagusia, martiaren 8a be hur dagoala aprobetxauta. Ez da ahaztu behar, orain dala urte gitxira arte, emakumeek traba handiak eukiten zituela kirola egiteko. Edozein emakumek ezin izaten eban kirola egin, baliabideak behar ziran, familiaren oneretxia eta abar, azaldu dau Euskal Museoko koordinatzaile Sorkunde Aiarzak. Halandabe, andren eta kirolaren arteko loturea betidanik egon dala nabarmendu dau.
Emakumea eta kirola erakusketeak XX. mendearen erdialdeari begiratzen deutso batik bat, hau da, Gerra ostean hasi eta 1975era arte, gitxi gorabehera. 33 argazkiko bildumea da ardatza. Zuri-baltzean dagoz eta Bizkaian egindako kirol ekitaldiak edo Bizkaiaren izenean lehiatu ziran kirolariak agiri dira. Era berean, protagonistek eurek lagatako materiala be ikusi leiteke, berbarako hockey-makilak, teniseko erraketak, mendiko materiala, elastikoak eta abar. Argazkietan eta materialean ikusten da, sasoi bateko emakume kirolarien baldintzak ez zirala gaur egunekoen parekoak. Ugerraldian erabilten ziran bainujantziak ez ziran aproposak kirol jarduerea eroso egiteko, nabarmendu dau Aiarzak. Gizonezkoen pareko autortzarik jaso ez arren, aurreko mendearen erdialdean emakumezko bizkaitar ugari ibili ziran goi mailako kirolean. Erakusketan sarri agiri dira Belausteguigoitia ahiztak, izan be, kirol askotan parte hartzen eben: uger egiten, tenisean, hipikan, atletismoan eta abar. Bibiñe Belausteguigoitiak material asko itxi deusku, dino Aiarzak.
Bagilaren 15era arte egongo da erakusketea Bilboko Euskal Museoan, Unamuno plazan. Emakumearen inguruko erakusketa gehiago egiteko asmoa be badaukiela iragarri dau Sorkunde Aiarzak, beste gai batzuk be badarabilguz buruan, emakumea eta lana adibidez, baina kirolagaz hastea erabagi dogu. Ibone Bengoetxea zinegotziaren ustez, gaurkoa ulertzeko ezinbestekoa da iraganean egindakoa ezagutzea. Holan, momentu gatxetan amore emon ez eben emakumeen historia ezagutu ahal izango da. Dana dala, Sorkunde Aiarzak gogoratu eragin dau, bardintasunaren aldeko aldarriaz ganera, erakusketeak badaukala alderdi artistikoa be, argazkigintzea atsegin dauenak irudi ikusgarriak topauko ditu eta.