Igorren hasiko da aurtengo bertsolari gazteen txapelketea, hantxe egingo dabe lehenengo kanporaketea Arratia-Txorierri eta Bilboaldeko taldeek. Finala Bilboko Kafe Antzokian izango da, hilaren 26an. Bai epaile, bai gai-jartzaile taldeetan jente gazte ugari sartu da aurten.
Aurkezpen-prentsaurrekoa Bilboko BBK Salan egin dabe Leire Aragon BBK-ko Gizarte Ekintzearen zuzendariak, Jone Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko sustapen arduradunak, Juanjo Respaldiza Bizkaiko Ikastolen Elkarteko bertsolaritza-arduradunak eta Fredi Paia Bizkaiko txapeldunak. Bizkaiko bertsolari gazteenek jentaurrean jarduteko aukerea eskaintzea da gure asmoa, azaldu dau Aragonen aurkezpenearen hasieran.
Hogeita hirugarren edizino honetan zazpi taldek egingo dabe lehian: Arratia-Txorierri, Biboaldea, Busturialdea, Uribe Kosta, Enkarterri, Durangaldea eta Lea-Artibai. Danetara, 50 bertsolari gaztek hartuko dabe parte, adin-talde bitan banatuta, 18 urtera artekoak eta 18tik 24ra artekoak. Taldeak osotzea da Juanjo Respaldizaren beharra. Sariketa hau finkatuta dago, gazteek badakie inauterien ostean datorrela, adierazo dau.
Bizkaiako Bertsozale alkartea azpiegiturez eta talde teknikoaz arduratzen da. Azpiegiturei jagokienez, aurten lehenengoz egingo da saioa Sopelako Ander Deuna ikastolan. Saioak eskola-orduetan dira, bertsolaritzeara hurreratzeko beste modu bat da, esan dau Narbaizak. Parte-hartzaileak gazteak dira, baina publikoa bere bai.
Talde teknikoan barrikuntzak dagoz edizino honetan. Gai-jartzailetza eta epailetza formazino saio laburrak eskaini ditu azkenaldion alkarteak. Orain, ikastaroetan parte hartu dabenek epaile edo gai-jarztaile izateko aukerea daukie. Halanda ze, epaile taldean, Juanjo Respaldizagaz batera, Miriam Juaristi eta Beñat Romero ibiliko dira; eta, gai-jartzaileenean, Maite Berriozabal eta Begoñe Olabarriaren koordinazinopean, Eneko Arrate, Olatz Larrinaga, Magali Caballero, Eneritz Zengotitabengoa, Nahia Arrese, Itxaro Juaristi eta Arrate Gazelu.
Fredi Paia Bizkaiko txapeldunak sariketearen gomutapen benetan be onak dituala azaldu dau prentsaurrekoan, ilusino handiz parte hartzen neban. Bere esanetan, holango ekimen bat pozgarria eta eskertzekoa da. Bakarka barik taldean parte hartzearen garrantzia nabarmendu dau Paiak: Adin gatx horretan taldearen babesak animau egiten zaitu, eta igual bakarka ez zeunke egingo baina taldean, bai. Eskola-orduetan, ikastetxeetan, saioak ikusiz gazte asko zaletzen dirala azaldu dau.
Martiaren 10ean, 11n eta 17an egingo dira kanporaketak, Igorreko Lasarte aretoan, Zallan eta eta Durangoko Frai Juan Zumarraga institutuan, hurranez hurran. Finalaurreko bi egingo ditue; lehenengoa hilaren 18an, Markina-Xemeingo Lea Artibai ikastetxean, Igazko irabazle Lea-Artibai taldea eta lehenengo saioko irabazlearen artean; eta bigarrena, 24an, Sopelako Ander Deuna ikastolan, bigarren eta hirugarren saioko irabazleekaz. Finala martiaren 26an jokatuko dabe, Bilboko Kafe Antzokian, 19:00etan.