Bizkaiko Meatzaldea biotopo babestu izentau dau Eusko Jaurlaritzeak

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko mar. 11a, 00:00

Joan dan astean Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik aurreratu ebanez, Gobernu Kontseiluak biotopo babestu izentau dau Bizkaiko Meatzaldea. 977,5 hektareako azalerea dauka biotopoak, Galdames eta Gueñes udalerrien artean dago, eta Triano mendien zatirik handiena hartzen dau.

Ana Oregiren arabera, paisajearen eta geomorfologiaren ikuspuntutik aztertuta, ingurunearen modelaketa karstikoaren kanpo adierazpen ugari dagoz Bizkaiko Meatzaldean, adibidez, dolinak, iturriak eta hobiak. Lurpean, ganera, Euskal Autonomia Erkidegoko koba densidade handienetakoa dago.

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak bultzatutako dekretuak, unidade integrau lez hartzen dau ingurunea. Aukera parebakoa da bai endokarsta, bai lurrazala kontuan hartuko daben plangintzak garatzeko. Bertoko karstaz aparte, burdina aterateko edegi ziren zuloak han dagoz. Kareharriaren berezko egitureak paisaje sano berezia sortu dau, burdinezko zanak husteko meatzariek egindako ebagi ikusgarrien ondorioz. Burdinezko zanek interes geologikoko gune lez identifikauta dagoz Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Inbentarioan 141. kodeagaz.

Bizkaiko Meatzaldea biotopo babestu izentau izanak inguruko paisajea babestea bermatuko dau aurrerantzean. Modu berean, ondare natural eta geologikoaren konserbazinoa bermatuko dau, eta ondare kulturalarena bere bai, tartean ondare arkeologikoa eta meatzaritzeagaz lotutako aztarnak.
 

Osorik irakurri