Arteshop ekimenaren bosgarren ekitaldia egingo dabe Bizkaiko uriburuan. Arte Ederretako ikasleek euren lanak ipiniko ditue Bilboko 75 dendatan, EHU, Bilbao Ekintza eta Bilbao Arte Fundazinoaren eskutik. Ganera, ibilaldi gidatuak egongo dira herritarrentzat. Uria merkataritza arloan erreferente bihurtzea eta kulturearen aldeko apustua egitea dira Arteshopen asmoak.
Gure ikasleei fakultadean egiten daben lana erakuskeko aukerea emon nahi deutsegu, euren sorkuntzea gizarteari erakusteko, adierazo dau Karmelo Garitaonandia EHUren Bizkaiko Kanpuseko errektoreordeak. Izan be, Arteshopi esker, unibertsidadean landutakoa praktikara eroan ahal izango dabe artista gazteek. Bihar edo etzi galerietan edo Guggenheimen ikusiko doguzan artistak Bilboko dendetan egongo dira, azpimarratu dau Garitaonandiak. Bilbao Arte Fundazinoaren ekimenez, artista profesionalek gidatuko dabe gazteen sorkuntzea, tutore lana eginaz. Artisten eta ikasleen arteko hartuemona oso aberasgarria da, dino Juan Zapater Bilbao Arteko zuzendariak. 2011n lehenengoz Arteshop antolatu zanean, 23 artista gaztek parte hartu eben eta, oraingoan, 75 izango dira, hamar bat profesionalen begiradapean. Ekimenean parte hartu nahi daben ikasle eta dendek, datorren astera arte daukie izena emoteko epea. Arteshop, bagilaren 8tik 20ra egingo dabe.
Artista gazteen zeregina, dendetarako beren-beregi egindako artelanak sortzea izango da. Obra onenei hiru sari banatuko deutsez Bilbao Ekintzak eta publikoaren saria be egongo da. Sormenaren bidez, gure dendei balioa emon nahi deutsegu, adierazo dau Marta Ajuria Bilboko merkataritza eta turismo zinegotziak. Izan be, Bilboko Udalarentzat, sektore biak, artea eta komertzioa, estrategikoak dira, jarduera ekonomikoa eta enpleguak sortzen ditue eta Bilboren markea indartzen dabe. Ajuriaren esanetan, inguruko eskualdeetan, Bilbo erosketak egiteko erreferentzia bihurtzea nahi dogu. Horretarako, artearen bidez, erosketetarako giro atsegina sortu nahi dabe, ekimen kulturalak dendetara eroanda.
Batez be erosleei, baina herritar guztiei zeozer barria eskeiniko deutsegu, nabarmendu dau Karmelo Garitaonandiak, eta gure ikasleentzat esperientzia barria izango da. Aurten, ganera, herritarrek sekula baino hurrago bizi ahal izango dabe Arteshop. Izan be, lehenengoz, ibilaldi gidatuak eratu ditue. Sei eta zortzi persona arteko taldeak osotuko doguz eta, aditu baten laguntzaz, artelanen nondik norakoak ezagutuko ditue, zehaztu dau Marta Ajuriak.
Garitaonandia errektoreordearen esanetan, harrigarria da zenbat dendak emoten daben izena Arteshopen, era askotakoak ganera, aniztasun horretan artelanak sartzea interesgarria da, sorkuntza artistikoaren aldetik ahalegin handia eskatzen dau. Erriberako Merkaduan eta Plaza Biribileko turismo bulegoan be ipiniko ditue obra batzuk, aurreko urteetan egin daben moduan. Bilbotar zein bisitariei artea hurreratzeko alternatiba legez sortu zan Arteshop eta, dagoeneko, bosgarren edizinoa beteko dau aurten. Hortaz, bagilaren 8tik 20ra, belaunaldi barrietako artisten proposamenak ezagutzeko aukerea egongo da, erosketak egin bitartean.