Bermeo herriak Nestor Basterretxea persona, artista eta bere seme kutuna gogoratzeko ekitaldia egingo dau datorren zapatuan, martiaren 21ean. 2014ko garagarrilaren 12an, Nestor Basterretxea jauna joan jakun eta, personeagaz eta artisteagaz batera, Bermeoko Seme Kutuna galdu genduan. Bermeo herriarentzat ezinbestekoa da Nestor Basterretxea artista eta persona bikaina omentzea eta eskertzea bere eskuzabaltasuna herri honegaz, azpimarratu dau Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek.
Omenaldia aurkezteko prentsaurrekoan, Bidegurenegaz egon dira Aingeru Astui eta Aritz Abaroa zinegotziak eta Jabier Zabala eta José Ramón Galdona Nestor Basterretxearen lagunak.
Omenaldia Bermeoko Kasinoko areto nagusian izango da, eguerdiko 12:00etan. Ekitaldi oso polita izango dala azaldu dabe, Bermeoko herritar eta talde askok parte hartuko dabelako, besteak beste, txistulariek, txalapartariek, gaiteroek, jantzariek, Bermeoko Abesbatzak eta Izaro Abesbatzak. Herriak Nestor Basterretxeari egingo deutson omenaldia izango da, asko izan baitira omenaldi hau egiteko interesa agertu daben herritarrak eta alkarteak, nabarmendu dau Astuik.
Ekitaldia amaitu ondoren, Lameran, Euskal Kosmogonia Nestor Basterretxearen eskultura multzoaren aurrean, artista bermeotarrak udalerrian zehar dauen parke eskultorikoaren inaugurazino sinbolikoa egingo da, asko baitira Nestor Basterretxearen lanak Bermeon: Euskal Kosmogonia, Hilargi Amandrearen Mamuak, Hilarriak, Olatua, Benito Barruetaren omenezko monumentua, Matxitxakoko Bataila eta Lurdeia.
Bermeo da artista bermeotarraren artelan gehien hartzen dituan herria, Nestorren altxor bat daukagu Bermeon eta munduari erakutsi nahi deutsagu, adierazo dau Bidegurenek.