Maiatzaren 12ra arte zabalik egongo da Rikardo Arregi XXVII. Kazetaritza Sarian parte hartzeko epea. 2014ko maiatzaren 7tik 2015eko maiatzaren 6ra bitartean euskeraz argitaratutako kazetaritza lanak aurkeztu daitekez. Andoaingo Udalak antolatzen du urtero sariketea, Eusko Jaurlaritzearen diru laguntzea eta babesagaz. Euskerazko kazetaritzearen kalidadea, bikaintasuna eta barrikuntzea bultzatzea dau helburu.
Donostian egin eben edizino honen aurkezpena, eta bertan izan ziran Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Estibalitz Mujika Andoaingo Udaleko Euskerearen Normalizazinorako zinegotzia. Hogeita sei urteko ibilbidean, euskal kazetaritzearen erreferente bihurtu dala esan eben.
Rikardo Arregi XXVII. Kazetaritza Sariak 9.000 euro emongo ditu. Egunkari eta aldizkarietan, agerkari digitaletan edo irrati eta telebistetan euskeraz plazaratutako lanak aurkeztu daitekez. Edozein mueta edo generotako kazetaritza lanek daukie saria irabazteko aukerea.
Saria erabagiteko erespide nagusiak honeek izango dira: kalidadea, barrikuntzea eta eredugarritasuna. Derrigorrez aurkeztu beharko dira lanak, nahiz eta epaimahaiak lan horeen artean behar. Kazetari Barria sariak, barriz, 3.000 euro banatuko ditu. Kazetaritzan hasten dabilzanei zuzenduta dago, 27 urtetik beherakoek parte hartu ahalko dabe. Kazetari Barria atalean be beharrak aurkeztu egin behar dira. Dana dala, epaimahaiak, aitatutako sari biez aparte, egoki eta beharrezko eretxi ezkero, Epaimahaiaren Sari Berezia emon leike.
Aurten be epaimahaia kazetaritza arloko profesionalek osotuko dabe: Allende Boutin, Idurre Eskisabel, Goio Arana eta Marijo Deogracias izango dira epaimahaikide. Bagilaren 27an jakinarazoko dabe nortzuk diran saridunak.