Bizkaiko auzo-ikastolen ganeko erakusketea zabaldu dabe Bilboko Foru Liburutegian

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko mar. 17a, 00:00

Auzo urrunetako umeei hezkuntzarako sarbidea emoteko asmoz sortu zituan Bizkaiko Foru Aldundiak auzo eskolak 1919an. Guztira, era horretako 125 eskola egon ziran martxan. Hezkuntzea zabaltzeko ahaleginagaitik, euskerea irakaskuntzan sartzeagaitik eta eskolen balio arkitektonikoagaitik nabarmendu ziran. 1937ra bitartean egin eben ibilbidea jasoten dau Foru Liburutegiko erakusketeak, bagilaren 30era arte.

Josune Ariztondo Bizkaiko kultura diputaduak erakusketearen inaugurazino ekitaldian esan dauenez, hasiera baten, auzo eskolen proiektuak helburu nagusi bi euki zituan: Hezkuntza publikoaren onurak herri eta eskualde guztietara zabaltzea eta ume euskaldunei euskerazko irakaskuntzea emotea. Esker oneko izan behar dogu, hezkuntzea uriguneetatik urrun eroan eben personen ahaleginagaitik, ganeratu dau Ariztondok, inguruko lurraldeetan ez zan egon neurri horretako beste egitasmorik, Gipuzkoan ahalegindu ziran antzeko zeozer egiten baina Bizkaiaren zabalkundera heldu barik. Kontuan izan behar da, uriguneetatik urruneko auzoetan ez egoala eskolara joateko ia aukerarik eta, hortaz, Bizkaiko analfabetismo tasea handia zala. Arazo horri aurre egiteko, hezkuntza arloko eskumenik euki ez arren, 1919an Bizkaiko Foru Aldundiak martxan ipini eban auzo-eskolen sistemea.  Gobernu aldaketak egon ziran arren, 1937ra arte martxan egon ziran auzo-eskolak. Gerra ostean martxan segidu eben, baina Eskola Nazionala dalakoen barruan, hau da, helburuak eta funtzionamendua aldatuta.

Bizkaiko memoria historikoa berreskuratzen lagundu nahi dogu erakusketeagaz, azaldu dau Ariztondok. 1919tik 1937ra bitartean martxan egon ziran 125 auzo-eskolen barri emoten da, hainbat mapa eta objekturen laguntzinoagaz. Sasoi haretan umeek olgetako erabilten zituenak, ikasteko materiala (euskerazko liburuak tartean), informazino panelak eta abar batu ditue erakusketan. Era berean, auzo-eskola bateko ikasgela baten erreprodukzinoa ikusi daiteke. Eskolen zeregina garrantzitsua zan gizarterako, baina arkitektura aldetik be aitagarriak dira. Horregaitik, auzo-eskola batzuen maketak eta planoak ipini ditue, irakaskuntzeari eskainitako informazinoagaz batera.

Erakusketearen komisarioa Gregorio Arrien da. Aditua da Bizkaiko auzo-eskolen gaian, horri buruzko tesia egin eban eta. Proiektu haren garrantzia eta bultzatzaileen ahalegina orandik ez dirala behar beste balorau uste dau: Bizkaiko Foru Aldundiaren obra handienetako bat izan zan, arrakastatsua izan zan hezkuntza arloan, baina baita gizartean eta kulturan be, nabarmendu dau Arrienek. Eskolak Bizkaiko eskualde guztietan zabaldu ziran eta onura handia eroan eben. Auzotarren inplikazinoak eskolak errotzen lagundu ebala azpimarratu dau Ariztondok, auzolanean eregi ziran euretako asko. Gregorio Arrienek ganeratu dau, auzo-eskolen sistemea eredu bihurtu zala eta atzerritik aditu asko etorri zirala ikusten.

Euskerearen babeserako be erabili ziran eskualde euskaldunetako auzo eskolak. Arrienek dinoanez, asmoa zan, etxean euskeraz egiten eben umeek eskolan be hizkuntza hori erabiltea. Politikearen joan-etorrien arabera, helburu hori ezin izan zan beti bete. Bestetik, irakasleak be goraipatu ditu Arrienek: Maila handiko maisu-maistrak ziran, froga zorrotzak pasau behar izan zituen. Irakasle gehienak emakumeak ziran, prestakuntza handikoak eta bokazino sakonekoak. Gaur egun, sasoi bateko auzo-ikastolen eraikin gehienak zutik dagoz. Eskolak aspaldi zarratu zituen arren, bestelako erabilerea emoten jake. Bizkaiko Foru Liburutegiko erakusketan, ganera, proiektu aintzindari harek itxitako ondarea ezagutu daiteke, bagilaren 30era arte. Aurretiaz eskatu ezkero, bisitaldi gidatuak be eskaintzen ditue.

Osorik irakurri