Seul, ekonomia kolaboratiboaren munduko uriburu (eta II)

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko mar. 17a, 00:00

Norizzangek altzari zaharrak birzikletan ditu. Gure helburua beste bizitza bat emotea da, dino enpresako zuzendari Ahn Yeonjung-ek. Jenteak botaten dauena batzen dabe eta euren egoitza nagusira eroaten dabe. Kargak garraitzeko eukiontziz eginda dago egoitzea, eta uriburuko aparkaleku arraro baten kokatuta. Hamahiru langile ditu start up honek. Armairuak, mahaiak eta aulkiak zatitzen ditue, eta egur horregaz altzari barriak egiten dira. Altzari guztiak desmontagarriak dira, erraz garraitzeko, eta batez be erosle gazteentzako diseinauta dagoz. Hasieran kalez kale ibilten ginan bila, baina orain jenteak ezagutu egiten gaitu eta deitu egiten deuskue altzariren bat bota gura dabenean, azaltzen dau Ahn-ek. Enpreseak Sharing City izeneko mailegu bigunei esker hazi da. Enpresa soziala gara, gaixorik dagoan ekonomia sistemeaz aparte, sistemea iraunarazoten dabenenen pentserea be aldatu gura dogu. Erabilteko moduan dagozan gauzka erabili eta botaten dituen makinak gara, dino Ahn-ek.

Kim Jinyoung enpresako beharginak eretxi bera dauka. "Partekatzea da abiapuntua. Baina helburua da zentzuna ardatz dauen bizitza estiloa sortzea, eta ez merkatuaren legeetan. Merkatuak sarritan guzurra dau oinarri, esaterako zaharkitzapen proghramatua. Askok uste dabe ekonomia kolaboratiboak bizirauteko besterik ez dauela balio, eta ez da holan. Dirua irabazi daiteke baliabideak bota barik", azpimarratzen dau. Norizzang horren guztiorren helburu argia da: igaz 200 miloa won (150.000 euro inguru) irabazi zituen, eta fakturazinoa %20 hazten da urtero. Gu ez gara Gobernuz Kanpoko Erakunde bat, beste edozein enpresak lez etekinak nahi doguz, baina desbardintzen gaituena zelan lortzen doguza, dino Kimek. Hainbat objektu ditue salgai, 12 euroko azpil bat, 360 euro balio dituen laurentzako mahaia. Antzeko lana egiten daben taldeekaz batu gura geunke pisu soziala irabazteko, ganeratzen dau Ahn-ek. Horregaitik, Sharing City proiektu eredugarri eta interesgarria begitantzen jaku. Baina oraindino arazo handiak daukaguz konpontzeko. Arazorik garrantzitsuena da enpresa tradizionalen eta ekonomia kolaboratiboa ardatz dabenen arteko alkarrekintzea.

Kwonek onartu egiten dau tirabirak dagozala. Momentuz,sortu barri diran konpainiak txikiak dira dira eta ez dira arriskutsuak sektore tradizionalarentzat. Baina, badagoz kasu batzuk, Uber edo AirBnb enpresena, esaterako, taxi eta hotel enpresen artean mesfidnatza sortzen dabena. Jiyoung Hong SoCar enpresako zuzendaria da. Autoak partekatzeko enpresea da, orain hiru sortu eban, eta daborduko autoak alokatzeko hainbat enpresaga izan ditu ika-mikak. Modu bi dagoz autoak alkarbanatzeko. Bata geurea da; kotxeak daukaguz eta erabiltzaileen esku ixten doguz. Beste aukera bat da, oraindino Korean debekatuta dagoana, norberaren autoa beste erabiltzaile batzuekaz partekatzea, bezerotik bezerora, Blablacar-en antzera. Ia aurten Koreak garraioen araudia aldatzen dauen; 40 urte ditu legeak eta gaur egunera moldatu behar dala pentsetan dogu. Aitatutako bigarren aukerea onartzea gura geunke, SoCar-ek zerbitzu hori be eskainiko nahi dogu eta.

SoCar enpreseak eskainiko zerbitzuak harrera benetan ona izan dau; gaur egun 55 behargin ditu eta bulego handiagoa alokatzekotan dabil. Dana dala, Jiyoung-ek nabarmetzen dau ekonomia parte-hartzailea oraindino umezaroan dago, eta Asia Europa eta AEBetatik oso urrun dagoala oraindino. Mundu mailako merkatuan, auto partekatuen sektoreak %9 besterik ez dau hartzen. Horregaitik, SoCar enpresako zuzendariaren ustez,  Sharing City -k enpresei emoten deutsien bultzadea oso  garrantzitsua da. Izan be, Gobernuak berak babesten ditu, eta erabiltzaileek konfiantza handiagoa daukie. Ganera, mailegu bigunak eskatu ahal ditue, diru laguntzak -180.000 euro inguru  bideratu ditue horretarako- jaso eta sustatze bide ofizialetan parte hartu. Alkatearen proiektu personala izan zan hasietan, eta orain Hego Koreako beste uri batzuetara zabaltzen dabil. Herritarrak konzienzietako elementu eragilea izan daiteke.

Hori da CCKorea-ren lana be. Pobretutako komunidadeetan egiten dau behar, arazo ekonomikoak leuntzeko neurriak ezartzen. Berbarako, urbanizazino pribaduetan hutsik dagozan aparkalekuak zabalduten ditue, eta jasotako dirua eraikina konpontzeko erabili; edo, ortu publikoak martxan ipini. Ekonomia kolaboratiboa ahal danik eta gehien zabaltzea gura dau Gonernuak. Halanda ze, gazteek bakarrik bizi dira adinekoen etxeetan gelak alokatzeko programea abiatu dabe; gazteek merkatuan dagozan alokairuak baino gitxiago ordaintzen dabe eta persona nagusiak etxean laguna izatea lortzen dabe. Badakigu bakardadeak eragin handia daukala nagusien suizidioetan, tasa altua daukie, eta ekimen txikitzen lagun leike. Etxebizitzen %50ean persona bakarra edo bi bizi dira.

CCKorea-ren eretxiz, horrezaz gan, adindun gizon-emakumeek gizarteari ekarpen handia egiteko moduan dagoz, hain zuzen be, ezagutzea emoteko. Hori dala eta, Living Library (Liburutegi Biziduna) ekimena sortu dau. Holan, 65 urtetik gorako jenteak, liburu baten modukoak diranak, euren bizipenak kontetan ditue leku publikoetan astegoienetan. 2.500 jarduera inguru antolatu doguz, eta 24.000 lagunetik gora izan dira berbaldi honeetan. Lobek beti entzun nahi izan dituen istorioak entzuteko aukerea daukie. Gure ondare historikoaren zati bat da. Taldeko oroimenak bizirik irauten dau holan, eta ganera jente nagusiari laguntzeko modu bat be bada, askotan bakar-bakarrik dagoz eta.

Sharing City dalakoan parte hartzeko enpresek baldintza batzuk bete beharm ditue, berbarako, pyme bat izan behar da, edo gitxieneko gizarte jarduera batzuk egin behar ditu. CCKorea-k beste gauza batzuk be harzten ditu kontuan, balio soziala, esaterako. Mueta askotako ekimenek jaso dabe baiezkoa: Church Plus, jarduera gitxi dituan eleizak edozelako ospakizunak egiteko eskaintzen ditu, prezio onean; Kiple, umeen erropa salerosketea antolatzen dau; E-Labour Sharing, poomasi kontzeptua berbiztu dau, eta erabiltzaileak hartu-emonetan ipinten ditu lana partekatzeko. Han Man-il The Open Closet enpresearen sortzaile eta presidenteak Seuleko buruzagien ausardia txalotzen dau. Ekonomia kolaboratiboa baliabideak zentzunez erabilteko bidea izateaz aparte, aberastasuna birbanatzeko eredua izan daiteke. Bere erakundea horren adibide dala uste dau. Armairua zabaltzean otu jatan, han topau neban lan-alkarrizketerako trajea ikusi nebanean. Aspaldian jantzi barik neukan, eta ipini be gehiagotan ez nebala ipiniko konturatu nintzan. Inbersino handia izan zan, eta ezkontzako erropekaz pasetan dan lez, ez eban ezertarako balio. Nonori emotea pentsau neban, beste batek erabilteko, baina inork ez eban zerbitzu hori eskaintzen. Orain, The Open Closet-ek mila emoile inguru ditu. Trajeak ekarteaz aparte, euren historia kontetako eskatzen deutsiegu. Noiz eta zelan erabili zituen. Gehienetan arrakastea dago tartean, eta horrek konfiantzea emoten deutso jazten dauenari. Eurek be emoileari erantzuteko aukerea daukie. Historia ziraragarriak sortzen dira.

Hanek aldaketa handi bat egin gura dau, enpresa handiek The Open Closet-en parte hartzea. Dohaintza-emoile handi batzuk lortu ditu, SBC bankua, adibidez. Hamar bat traje bialdu ditue. Posible da gure erabiltzailetakoren bate bertara lan bila joatea traje horreetako bategaz, dino barrezka. Erropa enpresa handiak erakarri nahi ditu. Sarritan stocka izaten dabe, eta guk hori erabili geinke. Marketing estrategia ona litzateke eurentzat, izan be erabiltzaileek markearen irudi positiboa izan go leukie. Edozelan be, Hanek onartzen dau helburua ondoko hau dala: Jenteak partekatzea nahi dogu, eta horren edertasuna baloretea.
 

Osorik irakurri