Euskal kultureak Loraldia eukiko dau Bilbon apirilean

Erabiltzailearen aurpegia
Argazkia: Iñigo Astiz/Berria

Euskal kulturearen adierazpide guztien topaketea egin nahi dabe apirilaren 23tik 26ra bitartean, 19. mendeko Lora Jokoen espirituari jarraituta. Udabarria, Bilbo eta euskal kulturea  izango dira ardatzak. Holan, musikearen, antzerkiaren, bertsolaritzearen, arte plastikoen eta abarren batuketatik sortuko dabe Loraldia. Bilboko hainbat lekutan izango dira ikuskizunak. Asmoa da, datozen urteetan ekimenari eustea eta Loraldia haztea, euskerearen eta kulturearen erreferente bihurtu arte.

Loraldiaren jaiotzan erakunde, kultur talde eta norbanako askok jardun dabe alkarlanean. Ekimenaren bultzatzaile nagusietako bat da Imanol Agirre eta, azaldu dauenez, euskalgintzako eragileek aspalditik eskatu izan dabe holako zeozer. Udagoienean badaukaguz kultur erreferente sendoak, baina udabarrian be euskal kulturea loratzea nahi dogu, euskerearen transmisinoan egin dan lana erakusteko, dino Agirrek. Loraldiak hiru oinarri dituala dino, trikuharriaren hiru zutarrien modukoak: Udabarria, Bilbo eta kulturea. Bizkaiko uriburua Loraldiaren plaza izateak badauka garrantzia, Agirreren esanetan: Bilbo modernidadearen ikurra da eta, ganera, euskerearen historian, uri aintzindaria izan da. Loraldia be, ekimen aintzindaria izatea nahi dabe, euskal kultureari etorkizunerako ateak zabaltzeko hitzordua. Sabin Anuzita Bilboko euskera zinegotziak ganeratu dauenez, Bilbo euskerearen babesleku bihurtu nahi dogu. Ganera, aurten, udabarria momentu aproposa izango da euskerarako Bilbon, Loraldiagaz batera, Korrika eta Ibilaldia be urian izango diralako. Euskerea ezagutu, zabaldu eta gozau daigun, dino Anuzitak. 

Apirilaren 23tik 26ra, 17 ekitaldi kultural egongo dira Loraldian, 50 artista baino gehiagoren partaidetzeagaz. Artearen eta kulturearen disziplina guztiak batzen ahalegindu dira egitarauan, dana euskeraz eta herritar guztiei zabalik. Besteak beste, kontzertuak, zinema proiekzinoak, antzezlanak, jantzea, arte plastikoen erakustaldiak eta irakurraldiak egongo dira. Artista ezagunek eta hasi barriek bat egingo dabela ziurtatu dabe antolatzaileek. Bestetik, Azkue Fundazinoak Instagram sare sozialaren bidez lehiaketea abian ipiniko dau. Gure identidadeari buruzko hausnarketea egin nahi dogu lehiaketan, argazkien bidez, azaldu dau Imanol Agirrek.

Loraldiaren ideia, Lora Jokoetan oinarrituta dago. 19. mendean, Antton Abadiaren ekimenez hasi ziran Lora Jokoak eta Bilboko Loraldia, ekimen haren bersino modernoa izango da, gaurkotua. 1901ean, Lora Jokoak Bilbon egin ziran eta ekitaldi ha erabili eban Miguel Unamuno idazleak euskerearen heriotzea iragarri eta harentzat hileta duina eskatzeko. Josune Ariztondo Bizkaiko kultura diputaduak pasadizo hori gogoan hartu dau, mende baten ostean euskerea bizirik dagoala aldarrikatzeko. Apirilean, Bilbon, Lora Jokoen ideia etorkizunera begira ipiniko dogu, ganeratu dau Ariztondok. Hain zuzen be, Antton Abadiaren ibilerak gaur eguneko publikoari hurreratzeko, ikuskizuna preparau dabe Kukai Dantza Taldekoek, Aitor Mazo aktoreagaz batera. Loraldiaren egitarauko lehenengo hitzordua izango da Anton Abbadia izeneko hori. 

Imanol Agirrek azpimarratu dau, Loraldian gauza handia egin nahi dabela, erreferente bat. Datozen urteotan ekitaldi gehiago antolatzea eta gero eta artista gehiago erakartea da helburua. Bilbo, barriro be, euskerearen alorrean aintzindari izatea nahi dogu. Goren mailako kultur topaketea sortu nahi dabe, Txapeldunen Ligan jokatzeko antolatzen dogu Loraldia. Ganera, aurten batez be ekitaldiak antzokietan eta leku zarratuetan izango diran ezkero, datozen urteetarako kaleak hartzea be izango da beste helburu bat.

 

loraldia.eus

@LoraldiaFesta