19. Korrikaren azken eguneko jaia aurkeztu dabe gaur Kalderapeko kultur-gunean. Bilboko Arenalean amaituko dau Korrikaren edizino honek 2.500 kilometroko ibilbidea, Nabarra kalea igaro eta Arenaleko zubia pasauta.
Korrika 19 amaitzeko hiru egun baino falta ez diranean, Koldo Agirregomezkorta azken eguneko jaiaren arduradunak egitarauaren eta Arenaleko gune desbardinei buruzko informazinoa emon dau.
Bestalde, 19. Korrikaren arduradun Asier Amondok orain arteko egunen balorazino laburra eskaini dau, euskahaldunon parte-hartze handia azpimarratuz, eguraldia kaskarra izan arren. Era berean, 19. Korrikaren jarraipena egiten dagozan komunikabideen lana eskertu eta iragarri dau Korrikaren amaierea eta lekukoari egingo jakon harrerea zuzenean jarraitu ahal izango dala euskerazko hedabideek egingo daben saio bateratuari esker, hain zuzen, Urepeleko hasieran gertatu zan moduan.
Amondo jn.ak adierazo dauen lez, Korrikak dagoeneko 8 egun ditu, herrialde guztiak ukitu ditu, eta oraindino kilometro eta emozino asko tartean dituan arren, zuokaz hitzordua egin nahi izan dogu domekan Bilbon gertatuko dana aurkezteko, eta sortzen jatzuezan galdera guztiak erantzuten saiatzeko.
Bilboko amaiereagaz hasi aurretik, ibilbideari errepaso labur bat egin nahi deutsat: Urepelen hasi ondoren, dagoeneko gure herriko herrialde guztietan ibili da. Hori bai, momentu honetan, goizeko 11:00etan, 800 bat kilometro ditu aurretik hona heltzeko. Nafarroako Erriberan dago oraintxe bertan, bart gauean Arabatik sartu ondoren. Gaur zein bihar ibilbide oparoa egingo dau Nafarroa zabalean, zapatu goizean barriro Araban sartuko da, Gasteizen eguerdian, eta gelditu barik, Bizkaira etorriko da barriro, eguerdiko 12:30ean Bilboko San Nikolas eleizaren parean amaitzeko.
Azken eguneko ibilbideari jagokonez, goizeko 07:16an sartuko da Bilbon Korrika 19, Enekuritik. Deustua, Zorrotza, Errekalde, Indautxu, Abusu, Alde Zaharra, Santutxu, Guggenheim aldea... euskahaldunduz, 12:25ak aldera helduko da San Nikolasera, Arenaleko zubia pasauta. Urepelen lekukoaren barruan sartu genduan mezua ezagutzeko momentua izango da orduan. 12:30an Korrika amaierako ekitaldiari emongo deutsagu hasierea. Ekitaldia amaitu bezain laster hasiko da garatzen azken jaiaren egitaraua. Gaur oraindino goiz da balorazinoakaz hasteko. Datorren astean bertan egingo dau AEK-k balorazino ofiziala, azken egunotan zein azken hileotan bizitakoaz, euskahalduntzerako deiaren zabaltzeko gaitasunaz, eta abarrez.
Nire aldetik, Urepelen hasi zenetik bizi izan dugunari jagokonez, esan nahi dot oso-oso pozik gagozala. Oso hasiera berezia izan zan, Urepele ganezka, eta hortik aurrera sekulako jentetzea ikusi dogu herri guztietan. Emozinoz beteriko kilometroak etenbarik errepetiduten dira, eta benetan oso harro gagoz. Negu gordinaren hondar astindua sufriduten gagozan arren, inoizko Korrikarik indartsuena eta jentetsuenaren aurrean gagozala esan neike. Beraz, gogo biziz gagoz Bilbon amaierako jaiaz gozetako.
Amaitu aurretik, Korrika izaten ari dan jarraipen informatiboari errepasoa egin nahi deutsagu. Marka guztiak apurtzen zagoze. Alde batetik, jente askok goraipatu dauen lez, historikoa izan zan Urepelekoa zuzenean hedabideen bidez ikustea; gainera, alkarlanean egindako emonkizun baten bidez.
Bestetik, egunerokoa be itzela da: EITB, Hamaika Telebista, Kanaldude, Gara, Berria, Euskal Irratiak, Arrosa sarea Korrikagaz batera mobiduten dira kilometroz kilometro. Horreez gan, zuetariko askok egunero joten dozue Korrikara eta, guztion ahalegina ikusita, emoitzea zoragarria da: dagoeneko egunero zuzeneko hiru saio telebistan, herriz herriko bideoak, etenbako konekzinoak, eguneroko kronikak eta erreportajeak...