Bernardo Atxaga idazleak zuzendu eta Euskaltzaindiak argitaratzen dauen Erlea agerkariaren zortzigarren zenbakia aurkeztu dabe Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. Egile ugariren beharrak batu ditue 104 orrialdetan, tartean, Eneko Bidegain, Janbattit Dirassar, Julian Zabalbeascoa, Uxue Apaolaza, Iñigo Astiz, Irati Elorrieta, Josu Txueka eta Josemari Iturralderenak. Azala eta barruko ilustrazinoak Xabier Idoatek egin ditu.
Atzerapenagaz dator zortzigarren Erlea, inprimategiagaz izandako arazoak dira-eta, Bernardo Atxagak berak azaldu dauenez. Hurrengo zenbakia sasoiz ailegauko dala agindu dau. Zemendian aterako dogu, eta frontoiak eta atsronautak izango ditu protagonista, aurreratu dau. Baina, zenbaki aurkeztu barrian Iparraldeko egileei leku berezia eskaini deutsie. Aldizkarira ekarri nahi izan doguz -azaldu dau- eta sakontasuna emon deutsiegu. Nazismoak Iparraldean zenbateko konplejidadea izan eban erakutsi nahi izan dogu. Gai horren inguruan testuak idatzi ditue, besteak beste, Josu Txueka historialariak, Kepa Altonaga idazleak, Eneko Bidegain irakasleak eta Jabier Kaltzakorta euskaltzainak.
Beste zenbaki batzuetan idatzi daben Irati Elorrieta, Uxue Apaolaza edo Xabier Kintanagaz batera, lehenengo parte hartu daben Iñigo Astiz, Arantxa Iturbe edo Amaia Oleagaz dagoz. Jon Kortazar idazle eta irakasleak Gabriel Arestiren Harri eta herri poema liburuaren argitalpen-urteurrena jaso dau bere testuan, eta Iñaki Irazuk oraintsu hildako Leopoldo Maria Paneroren lanaz jardun dau berean. Agerkariaren izenagaz bat etorrita, Mikela Untsain Azkaineko erlezaina alkarrizketau dau Miel A. Elustondok.
Florentino Goikoetxea hernaniarra, Comète dalako sareko heroia-z makina bat kontu jaso ditu Bernardo Atxagak, haren loba Joxan Goikoetxea musikariaren eskutik. Nazien kontrako burrukan 237 pilotu pasau zituan mugatik Florentino Goikoetxeak. Heroi bat izan zan, azaldu dau. Domina ugari jaso zituan. Hollywooden pelikula bat egin eben bere inguruan, The Passage, eta Anthony Quinn ezagunak jokatzen eban Goikoetxearen rola.
Boston uriko (AEB) Julian Zabalbeasco euskaldunaren Gernika testua nabarmendu dau Atxagak. Zabalbeascoaren hainbat ipuinen artean hori aukeratu eben Erlea-n argitaratzeko, eta ostean Glimmer Train Very Short Fiction lehiaketan lehenengo saria jaso eban. Ipuin ederra da, azpimarratu dau. Glimmer Train aldizkariak lehenengo argitalpenaren eskubidea izan arren -izan be, AEBetan udagoienean aterako dabe- egileak euskeraz plazaratzeko baimena lortu dau. Asun Garikanok egin dau itzulpena.
Erlea-k hamar zenbaki izango dituala esan dau gaur Atxagak, ordurako 1.300 orrialde izango dira danetara. XXI. mende hasierako euskal literatura eta kulturearen urrezko lagina izango da, bere esanetan. Zenbaki guztiak liburu batean batzea nahiko leuke, izarrik zagozala egiten dan amesetako bat da hori.