Orotariko Euskal Hiztegiaren laugarren argitaraldia sarean dago

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko api. 8a, 00:00

Orotariko Euskal Hiztegiaren laugarren argitaraldia sarean dago honezkero. Argitaraldi barri honetan, lan nagusia Auspoa bildumatik ateratako corpus bateko adibideakaz OEH osotzea izan da. Holan, bada, 26 liburuko corpus bat osotu da, gehienbat herri kutsuko eta XX. mendeko obrez osotua, baina zaharragoei be tartea eginez. Bersino barriak, danetara, ia 1.310 sarrera barri -sarrera nagusi, azpisarrera eta adiera barri- ditu.

OEHren lehen bersinoa papelean argitaratu zan. Azken liburukia -hamaseigarrena- 2005ean kaleratu zan, eta handik lau urtera, 2009an, hiztegi osoaren oinarrizko bersino elektronikoa sarean jarri zan. 2011n, bigarren argitaraldia eskaini eban Akademiak eta 2013an, hirugarrena.

Bigarren argitaraldian, 2005. urtean papelean agertu zan lehen edizinoari -hutsak zuzentzeaz gan- hainbat eratako aldaketak egin jakozan; horreen artean nabarmendu daitekez hasierako bost liburukien berrikuspen sakona, edo Lazarragaren liburua OEH-ren corpusari gehitzea.

Hirugarrenean, ganerako hamaika liburukien berrikuspena egin zan, adierak gehiago bereizteko eta zehazteko ahaleginak eginez, baita azpisarrera gehiago (esapideak, berba alkartuak, kolokazinoak, e.a.) sartuz. Horrezaz gan, testu zahar labur batzuekaz eta XVIII. mendeko Birjinia nobeleagaz osotu zan corpusa.


Auspoa bildumako 26 liburuko corpusa

2013-2014 tartean egindako laugarren argitaraldi barri honetan, lan nagusia Auspoa bildumatik ateratako corpus bateko adibideakaz OEH osotzea izan da. Izan be, egunerokotzat jotako berba, esapide edo egitura gramatikal batzuen lekukotasun eskasaz jaubetuta, hutsune horreek beteteko, Auspoa bildumearen digitalizazinoak eskaintzen dauen ondarea aprobetxauta, herri literaturako adibideei OEHn sarrera handiagoa emoteko asmoa hartu zan. Horretarako, 26 liburuko corpus bat osotzea erabagi zan, gehienbat herri kutsuko eta XX. mendeko obrez osotua, baina zaharragoei be tartea eginez.

Barrikuspen honen ondorioz, sarrera, azpisarrera edo adiera barri asko (danetara 1.310) dagoz argitaraldi honetan; ganerakoak be adibide barriez aberastu diralarik, horreen artean asko lehenago testuetatik ateratako lekukotasunik ez ebenak (azken horreek danetara 362).


Aldaketa horreetako bakar batzuk
:

a) Sarrera, azpisarrera eta adiera barriak: adibidez, galtzagabe sans-culotte, Frantziako Iraultzearen garaiko bertso batzuetan irakurten dana. Edo ika-mika (izen eta aditzondo), lehen OEHn sarrerarik ez ebana. Baita barrenak deitu (barrenak agindu), edo askitu-ren hirugarren adiera barria (-tzeko moldatu, konpondu).

b) Lekukotasun gitxiko berbetan (edo testu idatzietako lekukotasunik bakoetan) adibide barriak: adibidez, ameto sarreran aurreko argitaraldietan ez zan testuetatik ateratako adibiderik emoten, oraingoan, barriz, bost adibide emoten dira, ameto egin, ameto eman eta aditza ezabaturiko erabilerarako.

c) Berba baten datazino aldaketak: mezetan, aurreko argitaraldietan, Txirritagan lekukotzen zan lehenengo aldiz; oraingoan, ostera, lehen adibidea XVIII. mende amaierako bertso batzuetakoa da.

d) Lekukotasunen kopurua gehitua: zelata egin, Landuccik, Larramendik eta Añibarrok dakarten esapideak, aurreko argitaraldietan adibide bakarra eban, Leizarragarena; oraingoan XX. mendeko bat gehitu jako.

Zartatu-n, hiztegietako aitamenez gan, Duvoisinen bi adibide bakarrik agertzen ziran; orain, barriz, XX. mende hasierako adibide bat eta amaierako beste bat be agertzen dira.

Etxero 'etxe bakoitzean' berbeak lekukotasun bakarra eban, eta haren esanahia zalantzazkotzat emoten zan; 4. argitaraldian beste hiru adibide emoten dira, esanahia bermatuz.

e) Auspoa bildumatik ateratako corpus honetako gaiez gan, beste batzuk be erabili dira, besteak beste, Azkue Bibliotekan gordeten diran berba-zerrenda argitarabakoak (horreen artean, adibidez, Aita Iraizozek batutakoa, edo Azpeiti eta Azkoitiko artxiboetatik ateratakoa). 

Osorik irakurri