Bonifazio Arandia Uriarte Fasio (1909-1987) dogu joan dan mendean Arratian jaiotako musikari herrikoirik ezagunenetakoa, eta hemendik aurrera, eskusoinuaren eta euskal musika trafizionalaren zaleek sakonago ezagutu ahal izango dabe artista honen bizitza eta lana. Aiko, musikari eta jantza-maisuez osotutako kultur alkarteak Interneten jarri dau Fasioren Mendea, Igorreko soinulariaren mendeurrenagaz bat eginez –Igorreko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzinoagaz– 2009an argitaratu zan lan sakona.
Gaiaren harian, Aiko taldeak eta UPV/EHUk Dantzan Fasiogaz izenburuko ikastaroa eskainiko dabe maiatzaren 9an, Bizkaia Aretoan (Bilbo), trikitilariei, panderojoleei eta gure jantza-errepertorioa joten ikasi eta musikari eta jantzarien arteko harremanetan sakondu nahi daben guztiei zuzendutakoa.
Interneten jarritako Fasioren mendea izenburuko lan hau disko-liburu formatuan argitaratu zan, testuak, argazkiak, audioko CD bat, partiturak eta hainbat filmaketa zituan DVD bategaz, eta Bonifazio Arandiaren bizitzari eta lanari egindako errepasorik osotuena bihurtu zan. Material horrek ezin hobeto islatzen ditu Fasioren bizitzaren eta musika-ibilbidearen nondik norakoak. Baina aldi berean, sakonean aztertzen ditu eskusoinuaren eta euskal musika tradizionalaren arteko hartu-emonak, baita Arratia Haranaren berezko ezaugarri kultural eta musikalak be, hainbat hamarkadatan bertako musika-jotzailerik ezagunenetakoa izan zanaren bitartez.
Fasioren Mendea argitaratzearen helburua, herri kulturearen alderdi bat, eskusoinuaren eta euskal musika tradizionalaren arteko hartu-emonei jagokena, ahalik eta jenterik gehienari ezagutarazotea da. Instrumentuaren azterketa orokorretik abiatuta, lanak pertsonaia partikular baten ibilbideari erreparetan deutso, jagokon garaian, lekuan eta kultur ingurunean kokatuz.
Argitaratu bako irudiak
Aiko taldearen www.aikotalea.eus <http://www.aikotalea.eus/> webgunearen bitartez, material hori guztia errepasau eta eskura daiteke, testuak eta partiturak pdf formatuan eta doban deskargetako eta ikusentzunezko materiala entzun eta ikusteko aukereagaz. Webgunearen Diskografia atalean konsultau daitekeen disko-liburu honetan, Jon Iturbek Fasiori 1985ean –hil baino bi urte lehenago– egin eutson grabazinoa be entzun daiteke, Fasioren Mendea argitaratu zanerako ezezaguna zana. Batutako doinu guztiak partitura eta guzti argitaratu dira, Adolfo Jainagak transkribiduta.
Material bideografikoari jagokonez, Igorreko musikariak bere bizitzaren amaieran, 1982an eta 1986an egindako bi ekitalditan interpretau zituan 29 doinu batu dira. Atal honen osogarri lez, 1988ko zemendian, Fasio hil eta urtebete geroago, jaioterrian egin eutsien omenaldiaren irudiak sartu dira.
Liburuak 81 orrialde ditu eta lanaren protagonistearen hainbat irudiz horniduta dago, bizitzan erabili zituan zenbait musika tresna be batzen ditualarik. Testuak Aingeru Berguicesek idatzi eta Arantza Etxebarriak euskeratu ditu. Berbaurrea Igorreko alkateak idatzi dau.
Dantzan Fasiogaz ikastaroa
Igorreko musikariaren ganeko lan monografiko hau internauten esku ixteaz gan, Aiko taldeak beste omenaldi bat egin nahi izan deutso arratiarrari, UPV/EHUk Abandoibarran (Bilbo) dauen Bizkaia Aretoan maiatzaren 9an, zapatuan, antolatuko dauen Dantzan Fasiogaz ikastaroaren bitartez (17:00etatik 21:00etara). Ekimena trikitilariei, panderojoleei eta gure jantzen konplexutasun erritmikoa musika-hizkuntzara itzuli guran dabilzan ganerako musikariei zuzenduta dago, jantzarako joten erakusteko asmoz.
Ikastaroak musikearen eta jantzearen arteko hartu-emonak aztertuko ditu erritmoaren ikuspegitik, pasodoblea, balsa, txostisa, polka, boleroa, mazurka, foxa, tangoa eta habanerea lako jantza herrikoi klasikoei errepasoa eginez. Horrezaz gan, trikitixaz eta panderoaz alaitutako jantzaldiei buruzko atal berezi bat eskainiko da, jota, fandangoa, arin-arina eta porrusaldearen protagonismoa aldarrikatuz.
Ekimena UPV/EHUren Bizkaiko Campuseko kultur-sareak eratutako Kulturbasque izeneko topaketa eta jarduera programazinoaren barruan antolatu da. Izena emoteko 20€ sartu ikaslearen izen abizenak jarriz Kutxabanken honako kontu zenbakian: 2095 0233 10 9111124099
Aiko Taldea (www.aikotaldea.eus) musika eta jantza maisuez osotutako kultur kolektiboa da, azken urteotan musika eta dantza tradizionalaren ondare zabala zabaltzen eta erromerien izaera herrikoia berreskuratzen dabilena, jantzarako esparru barriak sortuz eta eginkizun horretara gero eta jente gehiago batuz.