Gaur ospatuko da Point De Garveko guduaren, II. Mundu Gerrako azkenetako baten 70. urteurrena

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko api. 14a, 00:00

Gaur, apirilaren 14an, 70 urte beteko dira Medoceko batailea, Bigarren Mundu Gerrako azkenetako bat, jazo zanetik. Gudu haretan Gernika batailoiak parte hartu eban, euskal gudariz bakarrik osotutako unidade militarra. Mundu mailako gatazkea amaitu baino aste gitxi lehenago, euskaldunek Medoc, Bordele eta Atlantikoa bitartean, Girondaren mendebalderantz zabaltzen dan peninsulea askatzeko izan eben parte hartzea izan zan, Agirre lehendakariak Aliatuei laguntzeko hartutako konpromisoa betetea. Konpromisoa erabatekoa izan zan; baina haren azken helburua Euskadi zan, hau da, ahal zan guztia egitea Franco agintetik kendu eta demokrazia berrezartzeko.

1944ko bagilean, Iparraldea eta Frantziaren hegoaldea askatuta eta Gerrearen amaiera hur ikusten zala, Euskadira itzultzeko amesa gauzatzear ikusten eban Euzkadiko Jaurlaritzeak. Inork ez eban uste itzultze hori erraza izango zanik. Eusko Gobernuaren aburuz, beharrezkoa zan indar armatuak eukitea, ordena bermatzeko eta talde subersiboek indarkeria erabiliz eragina izateko demokrazia berrezartzerakoan.

Gernika batailoia, bada, Franco agintetik kendu eta ordena ziurtatzeko helburuakaz sortu zan, baina baita, aldez aurretik, Aliatuei euren gerra-ahaleginean laguntzea be.

Euzkadiko Jaurlaritzearen aginduz, Kepa Ordoki gudarien ofizial ohiak Pirinioetan zehar burrukan ebilzan makietan sartutako euskal gerrillari batzuk batu zituan. Boluntario horreei beste jente gehiago batu jakezan; batzuk gerrako errefuxiatuak eta beste batzuk Diktaduratik igesi joandakoak. Hola eratu zalarik, Ordokiren gizonek Medoceko frontera abiatzeko agindua jaso eben, han Frantziako Barne Armadako (FFI) Carnot Brigadan sartzeko, Atzerriko Erregimentu Misto Marokoarraren barruan.

Carnot Brigadeari emon jakon helburua, Bordeleren ipar-mendebaldean dagoan Pointe-de-Graveko peninsulatxua askatzen laguntzea izan zan. Burrukak hasi aurretik, Ordoki komandanteak Martinez kapitain eta militante sozialisteari eskatu eutson, gizonei berba batzuk esateko: Gudariok, gure Herritik urrun gagoz, Euzkadiren alde eta faxismoaren kontra burrukan. Gora Euzkadi Askatuta. Horren ondoren, berehala, Kepa Ordokik eraso egiteko agindua emon eban.

Gernika batailoiko gudariek 40 Kota inguruan egin eben eraso, eskuin aldetik Libertad batailoi espainoleko kideek babestuta eta ezker aldetik, soldadu marokoarrek. Burrukak hastean aleman indarrak euskaldunakandik 800 metrora egozan; distantzia hori egin, egin eitekean, 10 metroko zabalerako suebaki batean zehar, baina tiroak heltzen ziran bertaraino eta minak egozan. Halan da be, Gernika batailoia arerioen lerroen ia 50 metrora heldu zan, eta atzerantz egin behar izatearen arrazoi bakarra izan zan, bertan inguraturik geratu eitekeala, alboetako laguntzek ezin zituelako alemanak gainditu, eta ondorioz, atzean gera eitekezan.

Operazinoek biharamunean jarraitu behar eben, baina kontragindu batek erasoa ezeztatu eban. Horren ordez, agintari aliatuek alemanen posizinoak bonbardeatea erabagi eben, eta horrek suteak eragin zituan basoan.

Deskantsu-egun batzuen ostean, euskaldunei agindu jaken, Soulaceraino joateko. Ibilaldia hildako barik egin zan, baina ez zan erraza izan. Apirilaren 18an euskaldunak Soulacera heldu ziran; herri hori Aliatuek menpean hartu ahal izan eben hegazkinen eta itsas armadearen laguntzinoagaz. Berehala indarrik barik itxi zituen alemanen beste puntu gogor batzuk.

Gernika batailoiak 5 hildako izan zituan: Juan José Jausoro Sasia, 29 urtekoa, Alonsotegikoa, militante sozialistea; Félix Iglesias Mina, 32 urtekoa, Errenterian bizi zan atarrabiarra, Larrañaga batailoitiko komunistea; Antton Lizarralde, 37 urtekoa, Durangokoa; Anton Mugica, 18 urtekoa, Tolosako jeltzalea; eta Prudencio Orbiz, gipuzkoarra. Lehenengo laurak lehen eguneko burruketan hil ziran, gudu-zelaian bertan edo, bestela, ospitalean. Orbiz, ostera, apirilaren 4an hil zan, granada bat manipuletan egoala. Zauritu ziranak: Salvador Hierro eta Víctor Goñi tenienteak; Ricardo Nalda eta Fernando Olmo sarjentuak; Alberto Hernández kaboa, eta Pedro Uriarte, Antonio Mayoz, Luis Aramendi, Abundio Las Heras, Emilio Garbizu, Antonio Elosegi, Celestino Braseras, Eusebio Mendizabal, Joaquín Atorrasagasti, Antonio Arrizabalaga, José Luis Urkiaga, Gonzalo Linazasoro, Ángel Gibaja, Juan Guinea, Rafael López, Casto Abarrategi, Aniceto Muniozgurez eta Luis Mari Retolaza soldaduak.

Batailoiaren historia ez zan Medocen amaitu. Gudari hareetako batzuk trebatze-ikastaro baterako hautatu zituen; trebakuntzea Parisetik hur jaso eben, amerikar espezialiste emonda. Aurreikusita egoan, gizon hareek Euskadi ustez diktadura frankistatik askatuko eben eliteko unidadeak osotuko zituela.


Vendays-Montalivet/ Soulac sur Mer/Rétauderako bidaia

Gudu horren eta Gernika batailoiak bertan parte hartu izanaren 70. urteurrena beteten dala-eta, Sabino Arana Fundazinoak bidaia bat antolatu dau apiril honen 18 eta 19rako, gorazarre egiteko Gernika eta Libertad batailoietako kideei. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Alain Rousset Akitaniako presidentea izango dira gorazarre-ekitaldian buru.

Urteerea apirilaren 18an, zapatuan, izango da, goizeko 8:00etan, 40 kota izeneko lekurantz, Montaliveten hegoalderantz abiatuko dira; hor euskaldunek eta anarkistek osotutako Gernika eta Libertad batailoiek nazien kontra egin eben burrukan. Ondoren, Soulac sur Merera abiatuko dira, Pointe de Graveko guduan burruka ibili eta hil ziranen gomutagarritzat han eregitako oroitzapenezko monumentuan lore-sorta bat ipinteko.

Biharamunean, apirilaren 19an, goizez, Rétaudera joango gara, han meza bat esango dalarik San Troyan eleizan, eta gero, lore-eskaintza bat be egingo da Nekropoli Nazionalean, hortxe baitagoz lurperatuta guduan hildako Gernika batailoiko gudariak.

Bidaia autobusez egingo da eta Inter-Hotel Alton Bordeaux Mérladeck 3*** hotelean ostatu hartuko, logela bikotxean eta gosaria barne; horren guztiaren prezioa personako da: 95 €.

Bidaia egin nahi dabenak, Sabino Arana Fundazinora, 94.405.64.50 telefonora, deituta apuntau daitekez, edo bestela, iruiz@sabinoarana.org e-posta helbidean. 

Osorik irakurri