Aurtengo FANT jaialdian 13 film luze eskainiko dira Sail Ofizialean, igaz baino bi gehiago

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko api. 14a, 17:20

Maiatzaren 8tik 15era egingo da FANT Fantasiazko Zinemearen 21. Jaialdia, Bilbon. Urtero legez, aurten be bildurrezko eta fantasiazko dozenaka film ikusteko aukerea egongo da. Sail Ofizialari jagokonez, 13 film luze lehiatuko dira, baita 22 film labur be. Udan hildako Alex Angulo aktoreari omenaldia egingo deutsie.

Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko kultura zinegotziak azpimarratu dauenez, FANT gero eta finkatuago dagoan jaialdia da, gero eta ospe handiagoa hartu dau nazinoartean. Genero honetako munduko ehun jaialdi onenen zerrendan sartu dabe aurten lehenengoz, azaldu dau Bengoetxeak. Nazinoarteko zein bertoko zinemagileek gero eta pelikula gehiago aurkezten ditue, halanda ze, Sail Ofizialerako aukeraketa lana gero eta gatxagoa da. Eugenio Puerto FANTeko arduradunak emon dauen zenbakia da horren lekuko: Film laburren atalerako, 800 pelikula baino gehiago jaso doguz aurten. Kontuan hartu behar da, igaz 500 inguru izan zirala. Lehen, Espainiako estreinaldiak egiteko, atzerriko egile gehienek Sitgeseko jaialdia aukeratzen eben, baina orain gero eta gehiago etorten dira Bilbora euren lana aurkeztera, nabarmendu dau Puertok. Justo Ezenarro Bilboko Udaleko kultura zuzendariordearen arabera, bide onetik goaz, atzerriko produktoreek aintzat hartzen dabe FANT, gero eta gehiago.

Sail Ofizialean, 13 film luze lehiatuko dira, igaz baino bi gehiago. Ohiko Ameriketako Estadu Batuetako eta Kanadako jatorriko lanakaz batera, oraingo honetan Europako herrialde askotako ordezkaritzea be egongo da. Esate baterako, Pavel Khvaleev errusiarrak III filma aurkeztuko dau eta Bilbon izango da azalpenak emoten. Letoniako, Frantziako eta Austriako filmak be egongo dira. Film laburren Sail Ofizialean, ostera, 22 lan lehiatuko dira. Herrialde askotako film laburrak dagoz, baina euskal egileak be bai eta, horregaitik, euskal film laburrik onenari sari berezi bat emongo deutsie. Sail Ofizialetik kanpo, ohiko sail bereziak, zikloak eta bestelako proiekzinoak egongo dira.

FANT zinemaldia maiatzaren 8tik 15era egingo dabe. Hasierako galea Campos antzokian izango da eta, bertan, AEBetatik datorren telesail baten estreinaldia ikusi ahal izango da primizian. The House of Pine Street da telesail hori, eta zuzendariak, Aaron eta Austin Keeling anaiak, Bilbon izango dira. Amaierako galea Kale Nagusiko BBK Salan egingo dabe. Ganerako proiekzinoak Alondigako Golem aretoetan izango dira. Jaialdi osorako bonuak 25 euroko prezioan salduko ditue eta sarrera solteak, bost euroan. Bihar hasiko da salmentea. Aurtengo nobedadeetako bat da zapatu eta domekako arratsaldeko 4:15ean proiekzino berezia egongo dala.

Aurten, bereziki gogoan izango dabe udan istripu baten hildako Alex Angulo aktorea. El dia de la bestia, haren lanik ezagunenetako bat proiektauko dabe. Beste alde batetik, Hayao Miyazaki zinemagile japoniarrari ziklo bat eskainiko deutsie. Haren lau film emongo ditue. Fanteskola izeneko sailak be ez dau huts egingo. Eskoletako umeentzako ziklo horretan, euskerazko animazinozko pelikulak proiektauko ditue. Aurten, Txinatik eta Herberehetatik ekarritako film bana aukeratu ditue sail horretarako.
 

Osorik irakurri