Euskerea be 'On Kixote poliglota' lanean presente

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko api. 16a, 00:00

Euskereak El Tobosoko Udalak bultzatutako proiektu barritzaile batean parte hartu dau, izan be, Toledoko udalerri honek, On Kixote poliglota lana osotu dau, Cervantesen maisulanaren (bigarren zatiaren) edizino eleanitz bat, hain zuzen be. Gogoratu behar da lan honek 400 urte bete dituala aurten eta, hau dala eta, El Tobosoko Udalak hainbat ekimen antolatu dituala ospakizun modura.

El Tobosoko Udalak (Toledo) bultzatutako proiektu honetan Iñigo Urkullu lehendakariak, Cristina Uriarte sailburuak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura saileko ordezkariek, Euskaltzaindiak eta euskal liburugintzan dabilzan gizarte eragile nagusietako ordezkariek parte hartu dabe, Cervantesen lan ezagunaren kapitulu bat euskeraz eta eskuz berridatziz.

Aurkezpen ekitaldia Madrilgo Cervantes Institutuan egin eben bart El Tobosoko Udalak antolatuta. Ekitaldian HABEko zuzendari Joseba Erkizia izan da Eusko Jaurlaritzearen ordezkari.

Jakina danez, Cervantesen maisulan hau mundu zabaleko hainbat hizkuntzatara itzuli da. Danak konbidau eta bakotxagaz kapitulu bat osotu da. Hizkuntza bat kapitulu bat, hain zuzen. Danetara, 44 hizkuntza izan dira orain arte batu diranak edizino eleanitz honetan, euskerea tartean dala.

Eusko Jaurlaritzeak, euskal liburugintzan dabilzan gizarte eragile nagusietako ordezkariek eta Euskaltzaindiak parte hartu dabe proiektu honetan. Beraz, jente askoren eskua dago honen atzean. Lana banatzerakoan, parte-hartzaile bakotxari 33. kapituluaren (hori da euskereari tokau jakon zatia) orrialde bat emon jako. Lehendakaria izan da lehen orrialdea eskuz idatzi dauena eta bere atzetik etorri dira Cristina Uriarte, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua, Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Joxean Muñoz, Kulturako sailburuordea, besteak beste.

Eskuz idatziriko bersino eleanitz hau El Tobosoko Udalak izango dau erakusgai nahi dauenarentzat.

HABEko zuzendari Joseba Erkiziak esan dauenez, Proiektu honetan parte hartzeko eskaria gogo handiz jaso eban Iñigo Urkullu Lehendakariak eta bere gogo bero hori berehala helarazo euskun. Orain aurkezten dan 'On Kixote poliglota' ekimenaren balorazinoa ezin daiteke positiboagoa izan gure ustez. Eta jarraitu dau: Ekitaldi hau aprobetxau gura neuke gure asmoetako bat azpimarratzeko. Eta hau da, Estaduko hizkuntzetan (euskerea, katalana eta galegoa) publiketan diran maisulanak ohizkotasunez gaztelaniara be itzultzearena. Sekulako ekarpena izango litzateke bizikidetzarako eta kulturartekotasunerako.

 

Osorik irakurri