Literatura erotikoa egitea erronka gatxa dala uste dabe Gutun Zurian parte hartuko daben idazleek

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko api. 16a, 12:00

Gaur bertan hasiko da Bilbon Gutun Zuria, Nazinoarteko Letren Jaialdia eta hilaren 25era arte, mundu zabaleko eta bertoko idazle garaikide esanguratsuak batuko dira. Erotismoa izango da aurtengo jaialdiko ardatz nagusia. Javier Marias eta Harkaitz Canok, Gutun Zurian egongo diran idazleetako bik, erotismoaz gogoetea egin dabe goizean. Gaur egun tabuak apurtu diran arren eta literaturan gero eta eszena erotiko gehiago badagoz be, Cano eta Marias bat etorri dira, kalidadezko narrazino erotikoak ez dirala horren arruntak. Izan be, euren esanetan, idazkera sensuala lantzea erronka gatxa da.

Gutun Zuriko arduradun Maria Luisa Blancok azaldu dau, genero erotikoari prestigioa emoteko asmoz aukeratu dabela aurten gai hori. Gizakion emozino sakonetako bat da erotismoa, nabarmendu dau. Blancoren esanetan, autore gitxi sartzen dira sensualidadearen eta erotismoaren bideetan, emozino klase hori papelera ekartea ez dalako erraza. Javier Marias idazle espainiar entzutetsua ez da bat etorri baieztapen horregaz. Mariasen ustez, literatura erotikoa sekula baino ugariagoa da eta autore askok egiten dabe ahalegina. Beste gauza bat da, ahalegin hori arrakastatsua dan ala ez. Eleberri erotiko asko dagoz gaur egun baina, onak, gitxi, adierazo dau Mariasek. Harkaitz Cano gipuzkoarrak ganeratu dauenez, oso arriskutsua da idazketa sensuala edo erotikoa, batzuetan norberak aspaldi idatzitakoa berrirakurri eta lotsea sentiduten da.

Javier Marias gaur, eguena, izango da Gutun Zurian. Maria Luisa Blancogaz solasalditxua egingo dau arratsaldean, Bilboko Azkuna Zentroan. Bertan esango dituanak ez ditu gehiegi aurreratu nahi izan, baina gauza bat garbi itxi dau: Erotismoak literaturan ez dau askorako emoten, horregaitik ez da erraza zeregin horri ekitea. Ekintza erotikoak deskribiduten hasi eta, idazleak, sentimentalegi idazteko arriskua dauka edo, bestela, aseptikoegi, gatxa da eszena erotiko bat ondo azaltzea. Horregaitik, horretan hastea porrot ia ziurra dala dino Mariasek eta idazle ospetsuenek be huts egin izan dabela erotismoari ekitean.

Harkaitz Canok apirilaren 24an parte hartuko dau Gutun Zurian. Joxan Goikoetxea eta Pettigaz batera, irakurraldia eta kontzertua dan ikuskizuna preparau dabe, beren-beregi Gutun Zurian aurkezteko. Ilargiaren alde erantzian izenburua emon deutsie. Testua eta kantua tartekatzen dira, bersino batzuk be badaukaz, Leonard Cohenen bat esaterako, aurreratu dau Canok. Erotismoari jagokonez, idazle gipuzkoarrak uste dau, ez dala erraza erotismoaz idaztea, ezta gaur egun be, tabuak apurtu diran arren. Irudiz inguratuta bizi gara, interneten eszena erotikoak, pornografikoak, era askotakoak dagoz eta, orduan, badirudi dana erakutsi behar dala, galdu egin da ezkutatzearen eta erakustearen arteko joku hori. Euskal literatureak emoten dau erotismoaz gogoetea egiteko aukerea, Canoren esanetan: Nik Itxaro Bordaren idazkerea nabarmenduko neuke, beharbada ez erotikoa dalako, baina bere idazteko ereak badauka sensualidade bat, berben lilura hori ondo erabilten dau. Itxaro Borda, hain zuzen be, Gutun Zurian izango da, apirilaren 24an.

Gutun Zuria jaialdiaren zortzigarren ekitaldiari hasierea emotea egokitu jako, horrenbestez, Javier Mariasi. Ganera, ez da ahaztu behar, nazinoarteko literaturearen izen ospetsu ugari egongo dirala Bilboko Azkuna Zentroan datozan egunotan. Fernando Arrabal, James Ellroy, Wendy Guerra, Tzvetan Todorov eta abar. Euskal autoreei jagokenez, Harkaitz Cano, Itxaro Borda, Edorta Jimenez eta abar izango dira.

Aitagarria da, era berean, aurten lehenengoz martxan ipiniko daben formatua, musikaz lagundutako poesia errezitaldiena. Udane Goikoetxeak irakurriko ditu olerkiak eta Mikel Inuntziaga arduratuko da musikaz.

Lourdes Fernandez Azkuna Zentroko zuzendariak goraipatu egin dau Gutun Zuria zortzigarren ekitaldira heldu izana, hasierako indarra galdu barik: Horrenbeste urtean literaturearen alde egin izana, kalidadeari eutsita, benetan aitagarria da. Orain arteko edizino guztiak batuta, 25.000 lagun izan dira Gutun Zurian eta, aurten be, publikoak ondo erantzutea espero dabe.

Osorik irakurri