111 Akademiako akademiakideek hautatu eta izentauta, Mikel Peruarenak idatzi eta Susa argitaletxeak plazaratutako Su zelaiak eleberriak jasoko dau 2014ko 111 Akademiaren Saria. Hiru bozketa txandetan garatu da aukeraketa prozesua, urtarrilean hasi eta apirilaren 12an amaitu dana. Lehenengo txandan, 2014an gogokoen izan eben liburuaren alde bozkatzeko eskatu jaken 195 akademiakideei, eta lehen txanda haretan saridun izentetako behar zan botoen % 30 lortu eban obrarik egon ez zanez, akademiak ohiko prozedurea jarraitu eta beste bi bozketa txanda egin zituan.
Bigarren txandan honako bost liburuak izan dira lehian: Iñigo Aranbarriren Apirila, Irati Goikoetxearen Andraizea, Iban Zalduaren Inon ez, inoiz ez, Jose Luis Otamendiren Kapital publikoa eta Mikel Peruarenaren Su zelaiak. Horreen artean ez zan, ostera, bigarren bueltan saridun izentetako beharrezko boto kopurua lortu eban lanik egon eta, beraz, boto gehien jasotako bi liburuak finalera pasau ziran: Mikel Peruarenaren Su zelaiak eta Iban Zalduaren Inon ez, inoiz ez. Final estua izan da: Peruarenaren eleberriak hiru botoko aldeagaz irabazi deutso Zalduaren ipuin-bildumeari. Kontuak kontu, Mikel Peruarenak jasoko dau 2014ko 111 Akademiaren Saria.
Orain irabazleari saria emotea baino ez da geratzen. Maiatzaren 7an izango da 2014ko 111 Akademiaren Saria ezagutzera emoteko ekitaldia, Andoaingo Bastero kulturgunean, arratsaldeko 19:30ean. Urtero legez, ekitaldi edegia izango da.