Nazinoarteko egunagaz bat egingo dau Bizkaian, halanda ze Foru Aldundiak hainbat jarduera antolatu ditu zapatu-domekarako Arkeologi Museoa, La Encartada Lantegi-Museoa, El Pobaleko Burdinola eta Santimamiñen. Jarduera dan-danak debalde dira, ganera.
Bizkaiko ondare-baliabideak ezagutzeko bisita gidatuak antolatu ditue, gure antxinatearen sekuentzia historiko osoa osotzen daben baliabideak: Arrolako Iruna Arratzun, Foruko moltso historikoa, Herrixka Erromatarrak eta Tourseko San Martin eleizak, Finagako San Martineko moltso kulturala eta Malmasingo Iruna Basaurin eta Arrigorriagan.
Zapatuan, hilak 18, Jose Luis Ibarra arkeologoak bisita gidatua egingo dau Bilboko Arkeologi Museoaren biltegian. Jarduerea 12:00etan hasiko da, eta Santimamiñeko koban berreskuratutako materialak erakutsiko dira. Argibide gehiago: 944 040 990 edo arkeologimuseoa@bizkaia.eus. Balmasedako La Encartada Lantegi-museoak bisitari guztientzat ate edegien eguna egingo dau domekan, hilaren 19an. Informazino gehiago: 946 800 778 edo info@laencartadamuseoa.com
Muskizko El Pobaleko Burdinolan Muskiz Monumentala Ondare Kulturaren II. Maratoia egingo dabe astegoienean. Zapatuan bisita gidatu bi egingo dira Muñatones Gaztelua ezagutzeko. Domekan, Burdina itsasora izeneko bisita gidatua egingo da, Kobarongo meatze-barrutitik Pobeñara. Bisita guztietan leku kopurua mugatua da, eta horregaitik ezinbestekoa da aurretiaz erreserbetea, 629 271 516 telefonora deituz edo helbide honetara idatziz: info@elpobal.com.
Apirilaren 18an, Kortezubin, Santimamiñeko sarrerak eta bisita gidatuak debalde izango dira, eta ganera, 5 eta 10 urte bitarteko neska-mutilek, 12:00etatik aurrera, Altxor erromatarraren bila izena dauen aztarna-jokoan parte hartu ahal izango dabe. Tailerra egiteko, izena emon behar da: 94 465 16 57 edo santimamine@bizkaia.eus.