Sabino Arana Goiri eta euskerea gogoetagai, 'Danon esku dago euskerea biziarazotea' mintegian

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko api. 17a, 00:00

Sabino Aranaren jaiotzaren 150. urteurrenaren harira, Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazinoak Danon esku dago euskerea biziarazotea antolatu dabe. Andres Urrutia euskaltzainburuak, Juan Mari Atxutxa Sabino Arana Fundazinoko presidenteak eta Miren Josune Ariztondo Kultura diputaduak hasi dabe jardunaldia. Arana Goirik euskerearen alde egindakoen gaurkotasuna eta garrantzia nabarmendu ditue.

Euskaltzainburuaren esanetan, orduko urak, Sabino Arana Goiriren sasoikoak eta egungoak, ikusarazoteko eta gogoeta egiteko antolatu dabe mintegia. Aditu ugari batu dira Euskaltzaindiaren egoitzan, besteak beste, Mikel Zalbide ikertzaile eta euskaltzaina, Joseba Agirrezkuenaga ikertzaile, katedradun eta euskaltzain urgazlea, Xabier Kintana euskaltzaina eta Igone Etxebarria euskaltzain urgazle eta Labayruko kidea.  Agirrezkuenagak Euskerearen aldeko eta aurkakoak, hizkuntza ofizialen garaian (1794-1919) berbaldia emon dau; Etxebarriak Sabino Arana eta euskerea: idea ardatz batzuk izan dau berbagai.

Mikel Zalbidek XX. mendeko hizkuntza-plangintzea, Sabino Aranaren 1901eko saioaren argitan gaia jorratu dau. Hain zuzen be, Miren Josune Ariztondok gogoan izan ditu Arana Goirik 1901eko irailaren 16an Hendaian esandakoak. Eretxiak eretxi, Arana Goiri plazagizon, euskaltzale eta ikurraren balorea aldakarrikatu ditu. Eta orduan esandakoak gogoratu ditu: Euskerea jagi eta bizi daiten, ezinbestekoak dira gauza bi aldi berean: bere lurraldearen barruan bizitzarako beharrezko egitea, lagunarte handian zein txikian, eta, beharrizan horreek asebeteteko gai bilakarazotea.

Juan Mari Atxutxaren arabera, bere testuinguruan kokatu behar da Arana Goiri. Aldaketa gogorrak bizi zituan Euskal Herriko semea izan zan -adierazo dau- eta giro horretan proiektu oso bat sustatu eban. Eta horren zutarria euskal nazinoaren aldarrikapena zan.

 

Osorik irakurri