Iazko hezurrak (Susa) Unai Elorriaga idazle algortarraren nobeleak, eta, Piztutako etxea (Erein) FelipeJuaristiren poema liburuak, irabazi ditue Espainiako Kritika Saria, narratiba arloan eta poesia arloan, hurranez hurran. AECL Espainiako Literatur Kritikarien Alkarteko kideek joan dan urtean kaleratutako lanen artean aukeratu ditue algortarraren eta azkoitiarraren beharrak.
Indarkeriari buruzko gogoetea da Iazkoa hezurrak, Unai Elorriagaren bosgarren nobelea. Nobelea, kronikea, historia eta saiakerearen arteko nahasketea da, eta Irene Arrias 44 urteko emakumearen istorioa kontetan dau. Hari nagusia protagonistearen bizimodua eta inguratzen dauen biolentzia bada be, indarkeria zabaltzen doa espiral baten antzera istorioan. Halanda ze, Euskal Herrian hasita, Europa, Afrika, Amerika, Asia eta Ozeaniaraino zabaltzen da espirala.
1973ean, Algortan, jaio zan Unai Elorriaga. 2001ean argitaratu eban lehenengo nobelea, SPrako tranbia, eta Espainiako Literatura Sari Nazionala irabazi eban. Ostean, Van't Hoffen ilea (2003), Vredaman (2005) eta Londres kartoizkoa da (2009) nobelak argitaratu zituan.
Felipe Juaristik esperantzaz, izuaz, desioaz, maitasunaz, pasinoaz, tristuraz gogoetea egin dau Piztutako etxea lanean. Zazpigarren olerki liburua dau hau. Danetara, hogei poemak osotzen dabe 70 bat orrialde dituan liburua. Bost bider irabazi dau Juaristik kritikaren saria; hirutan, poesia arloan -Denbora, nostalgia (1985), Hiriaren melankolia (1987), eta Begi-ikarak (2004)-, eta behin, narratiban -Arinago duk haizea, Absalon.
Euskerazko arloko irabazleez gan, ondoko honeek aukeratu ditu AECL alkarteak: gaztelaniazko arloan, Andres Ibañezen Brilla, mar del Edén eta Lorenzo Olivanen Nocturno casi; katalanezkoan, Toni Salaren Els nois eta Marius Sampereren Ningú més i l'ombra; eta galizierazkoan, Xabier Quirogaren Zapatillas rotas eta Gonzalo Hermoren Celebración.