Txomin Uribe: 'Arrisku barik ez dago bizipozik'

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko api. 20a, 08:00

Gabeko kalapitxixak diskoa grabau ebenetik 6 urte pasau diranean, laukote formatua berreskuratuta eta crowdfunding kanpaina bat tarteko, Piztiak taldea bueltan da u izenburuko diskoagaz. Jesus Galan gitarrista taldera itzuli da eta, beraz, Argia eta itzala (Gaztelupeko Hotsak, 1998) eta Zero (Gaztelupeko Hotsak, 1999) grabau zituan lan talde berberak — Txomin Uribe, Josu Aranbarri, Jesus Galan eta Pello Larrañaga musikariek—, Josu Lastra soinu teknikariak eta Kirmen Uribe idazleak ekin deutsie lanari. Kantuetako musikea Txomin Uribe eta Josu Aranbarrirena da eta berbak, barriz, Txomin, Josu eta Kirmen Uriberenak dira. Tio Pete estudioan grabautako 11 kantu batzen ditu u-k eta diskoaren lehen zuzeneko aurkezpena apirilaren 25ean izango da, Bilboko Campos antzokian, Loraldia jaialdiaren barruan. Hortik aurrera, Alegiko gaztetxean joko dau Piztiak taldeak maiatzaren 1ean; Nafarroan, Iruritan, barriz, maiatzaren 23an; Ondarroan, Beikozinin, bagilaren 5ean; eta Urretxun, 20an, Kalegorrian Musika Zikloaren barruan.


1.- Diskoaren izenburua aukeratzeko orduan ez dozue burukomin handirik izan baina badago azalpentxu bat, trilogia baten amaierea ete dan eta abar. Azaldu eiguzu izenburuarena eta trilogiarena

Burukomina beti izaten da diskoari ze izen ipinteko momentuan... Baina Jesus Galan gitarristea bueltau dala eta Argia eta itzala eta Zero diskoetan parte hartu ebala gogoan hartuta, disko horreetako izenburuetako bokalak hartu Argia eta itzala (aei), Zero (o) eta disko barriari u jartea erabagi genduan. Ez dago beste misteriorik.

Arlo musikalean, sonoridadean be trilogia dago, urte batzuk geroago, Jesus gitarristea sartuta laukotea garelako eta Galanen gitarra hotsen puntua berreskuratu dogulako.


2.- Verkami plataforman crowdfunding kanpainea abiarazo zenduen diskoa grabau ahal izateko; 1500 euro eskatu eta 2033 lortu dozuez 91 mezenasen eskutik. Pozik zagoze? Holako kanpainak beharrezkoak dira gaur egun?

Bai. Pozarren gagoz. Errespetua emoten dau ze aurretik eskatzen dozu dirua eta muga zehatza daukazu diru hori lortzeko eta ez bazara heltzen diru barik geratzen zara. Horrezaz gan, lan asko egin behar da zure mezenas horreei kalidadeko lan bat eskaintzeko eta eurak be lanaren parte dirala erakusteko. Azken urteotan goitik behera aldatu da egoerea; lehen diskoetxeek grabetan zituen diskoak, gero diskoak salduta edo zuzenekoen diruagaz pagetan genduzan zorrak baina gaur egun bizi dogun zorioneko krisiagaz ez dago salmentarik, diskorik ez ezer eta crowdfunding kanpainearen aukerea hartu genduan; horregaz diskoaren % 20 edo pagau dogu baina oso pozik gagoz.


3.- Hamasei urte geroago, laukote formatua berreskuratu dozue, Jesus Galan gitarristearen buelteagaz. Galanek ze ekarpen egin deutso taldeari?

Handia. Galanek taldea egin dau zabaldu, aberastu, joteko beste era bat dauka eta horrek soinu eta indar aldetik hobekuntzea dakar, bape duda barik.


4.- Piztiak soinuari eutsiz, berbarako, country erritmoak sartu dozuez lehenengoz eta tekladuetan be arreglo bereziak dagoz. Sormenerako erosoago eta libreago sentiduten zarie?

Bai. Aurreko diskoagaz, Gabeko kalapitxixak izenekoagaz eta oraingo u honegaz be nahi doguna egin dogu, argi eta garbi esanda. Norberak dana egin behar badau be, gustora geratu gara egindakoagaz eta country erritmoena egia da orain arte ez dogula holakorik sartu baina ausartu egin gara; Josuk eta biok egiten doguz kantuak eta berak proponidu eban hori; azkenean aurrera egitea pentsau genduan, zergaitik ez...


5.- Kirmen Uribek Ametsik ederrena diskoko lehenengo singlearen eta Lehen urtebetetzea zu gabe doinuetako berbak idatzi ditu, bigarren hori Aitzol Aramaio zinemagile eta Piztiakeko kideen lagun mina zanari eskainia. Kirmen Uribek diskoa entzun ostean, zer esan deutsue?

Gauza bi, kopla barik, argi eta garbi esanda, etxekoa da Kirmen, anaia be bada eta beti dago geugaz kolaboretan eta laguntzen eta esan beharrekoak bape filtro barik esaten deuskuz. Batetik, kantetan ikasi dogula Josuk eta biok esan deust eta, bestetik, gure ibilbideko diskorik onena dala hau, bape duda barik. Aitzolen omenezko kantuaren harian, berezia eta gogorra be izan da ze egin genduanean, hasieran Kirmenek ez eban entzun be egin gura. Gero, barriz, entzun dau eta asko gustau jako.


6.- Petti kantariak, Urtzi Lee mandolina eta cavaquinho jotzaileak eta Katü Bürü perkusino taldeak kolaborau dabe diskoan baina grabazinoaren arduraz gan, Hamasei eta Ohean biziko gara kantuetan Jose Lastrak tekladuak jo ditu eta hori gitxi ez eta diskoaren masterizazinoan eta nahasketatan be igarten da haren eskua...

Bai. Lastra be Piztiak taldekotzat daukagu, aspalditik dabil geugaz eta oso zuhurra da. Berehala igarten dau zer gura dogun eta ganera, berak gura dauen guztia egiten ixten deutsagu. Soinu teknikari aparta da, ausarta eta hori taldeak asko eskertzen dau. Aitatau dozun Hamasei izeneko kantu horretan, dana dago saturauta, ahotsa, bateria, dana eta hori ez da oso ohikoa. Arriskua be badago egon baina arrisku barik ez dago bizipozik.


7.- Ondarroako berbakerea darabilzue u diskoan baina Zero izenekoan, barriz, batua edo zan nagusi. Apropos hartutako erabagia izan da?

Ez, berez etorri dan gauzea izan da, era naturalean sortu doguz kantuak sortu doguzan moduan. Disko barrian, bat kenduta beste danak Ondarroako berbakeran sortu doguz. Aspaldion Josu eta biok erosoago sentiduten gara Ondarroako berbakeran kantauta eta ez da izan apropos hartutako erabagia. Zero izeneko diskoan be ez genduan apropos egin batuaren aldeko hautua, disko-liburua izan zan, kontzeptuala eta, akaso, normalagoa zan batuaz egitea baina pentsau bako kontua izan zan.


8.- Talde berezia zarie, 25 urteko ibilbidean, 7 disko, poesia emonaldiak, bideoklipak, zuzeneko grabazinoa DVDan, dokumentala eta margo erakusketak egin izan dozuez eta Pantxo Bedialauneta kozineruak zuon kantuetan oinarritutako platerak egin izan ditu. Hogeita bosgarren urteurrenaren harian, holako gehiago espero behar dogu?

Ez dakigu geldi egoten, hori egia da. Eta 25. urteurrenaren harian, ez dogu ezer berezirik pentsau; ganera, aspaldiko partez, u diskoa, diskoa da, huts-hutsean. Indar eta ilusino guztiagaz egindako lana da.


9.- Diskoaren lehenengo zuzeneko aurkezpena apirilaren 25ean izango da, Bilboko Campos antzokian, Loraldia jaialdiaren barruan. Zelako kontzertua izango da?

Zapatuko kontzertu hori berezia izango da ze ez dogu guk bakarrik joko; Badok Geroa kontzertuan, 22m2, Lurra eta hirurok izango gara eta bakotxak 40 bat minutuko tartea izango dau. Gure kasuan, u diskoaren aurkezpena egingo dogu, hasi eta amaitu diskoko 11 kantuak joko doguz. Jenteak eskatzen badau eta zaharren bat edo beste be eskainiko dogu segurutik. Geugaz batera Urtzi Lee be izango dogu, Naiara perkusionistea be bai eta Petti ez dakigu ze agenda arazoak ei ditu. Petti oso hurrekoa dogu, oraingo diskorako berak esan euskun grabazinoan parte hartzera etorrela; geuk eskatu ez arren, bardin eutsola baina baetorrela izan zan haren erantzuna.


10.- 25 urtean, taldea ez da desegin baina kasu batzuetan eten luzeak egin dozuez. Zenbat itxaron beharko da Piztiak taldearen hurrengo diskoa entzuteko?

Kanpotik ikusita etenak atzemon daitekez beharbada, baina gu ez gara geldi egon, beti gabiz zeozertan, berbarako, Bitartean heldu eskutik Kirmenen proiektuagaz 40 bat emonaldi eskaini genduzan Josuk eta biok. Ez dogu prisarik hartzen kantuak eta egiteko, geure tenpoan goaz eta momentua heltzen danean ekin eta aurrera, beste sekreturik ez dago. Zazpi disko gitxi ete dan 25 urtean, ez dot pentsetan, gauzea ez da kantidadea kalidadea baino. Gu ez gara talde profesionala eta geure gustoko gauzakaz, euskal kulturan ekarpentxua egin guran gabilz betidanik, ez gara musika talde bat bakarrik, dokumentalak, erakusketak, pinturak, poesia eta beste arlo batzuk be jorratzen dituan talde bat gara.

Galdereari erantzunez, nahikoa lan dogu orain disko barria aurkezten eta, bai, ez dago esaterik hurrengoa noiz etorriko dan. Orain arte a, e, i, o eta u egin doguz eta alfabetoan letra asko falta dira...

Osorik irakurri