Emaize Sexologia Zentroak irabazi dau IV. Euskerearen Ginkana

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko api. 20a, 00:00

Astegoienean, Kutxa Ekogunean ospatu dan finalean, orain arteko probetan puntu gehien batu dituen lau taldeak izan dira lehian. Itziar Ituño aktoreak gidatuta, aurtengo edizinoko azken bost probak aurrez aurre egin behar izan ditue taldeek. Danen artean, Gasteizeko Emaize Sexologia Zentroko kideak nagusitu dira eta eurek jaso dabe sari nagusia: euskerazko proiektu bat sustatzeko 3.000 euro.

Saria, sexu hezkuntzarako euskerazko ikus-entzunezkoak sortzeko erabiliko dabela azaldu dabe irabazleek, horreen falta edo bakotasun handia dagoalako gaur egun. Beste talde finalistak be ez dira esku hutsik joan. Guztiek, produktu ekologikoz osotutako saski bana eta beste hainbait opari jaso ditue.

Kutxa Ekoguneak eta Azkue Fundazinoak antolatu eta Euskaltzaleen Topaguneak koordinautako lehiaketea izan da Euskerearen Ginkana. Bi hilebetez, euskerea, ekologia eta teknologia barriei lotutako probak gainditu behar izan ditue taldeek finalera heldu ahal izateko. Astegoienean jokatutako finalean be, gai horreen inguruan gehiago ikasteko aukerea izan dabe guztiek. Antolatzaileek, parte-hartzaileen izaera anitza eta erakutsitako motibazinoa azpimarratu ditue. 

Osorik irakurri