2015eko apirilaren 20an, Txelu joan jaku. Garaizarko bere etxean hil da 90 urtegaz, Jose Luis Etxebarria Goiri, Begoñako jantzari, jantza-maisu, abesbatz zuzendari eta txistularia. Hileta eleizkizuna Begoñako Basilikan egingo deutsie bihar, eguaztena, arratsaldeko 19:00etan.
Jose Luis Etxebarria Goiri Txelu 1925eko martiaren 9an jaio zan Begoñako Errepublika zaharrean. Sei urtegaz lehen pausuak emon zituan jantzan Begoñako Batzokiaren inguruan.
Zortzi urte zituala, 1933ko garagarrilaren 8an, Begoñako Basilikan Agirre Lehendakaria eta Mari Zabalaren ezkontzan aurreskua jantzan egin ebala aitatu daiteke bitxikeria legez.
Gerrak eragindako zailtasun eta galarazpenen ostean, Bilboko Koralean hasi zan jantzan, urte batzuk geroago, Manu Otaduiren zuzendaritzapean, Dindirri izena hartuko dauen taldean.
Coliseo Albiatik Ayala Antzokiko Gazte Lekura eroan zituen bere entseguak dobako jantza ikuskizunen truke. Bizkaiko lehen jantza taldea izan zan eta zuzendariak gaixotasun baten ondorioz bere ardurak itxi zituanean, Txeluk ordezkatu eban jantzari eta zuzendari artistiko lanak buztartuz.
Jantzeak txistua ezagutzeko preminea sortarazo eutson eta bere kabuz musikea eta txistua joten ikasi eban Boni Fernandez Boniren babesean, Joaquin Landaluzek egindako txistu bategaz. Biak garaiko txistulari ezagunak ziran.
Urte batzuk lehenago Iñaki Gallaga zortzikote bateko kidearentzat partiturak kopiauta pentagramea ezagutzen hasi zan. Dindirrin solfeoaren metodoagaz ikasi eban musikea baina denporea galtzea zala begitantzen jakon. Horregaitik, betidanik ezagutzen zituan doinuen txistulari ezagunek emoten eutsiezan jantzen partiturak irakurriz, azkartu egin zituan ikasketak.
35 urtegaz, jantzan egiten, txistua joten eta Dindirrin eskolak emoten zituan. Santutxuko Gaztedigaz be ibili zan alkarlanean zuzendaritzearen lekukoa Txomin Unzaluri pasau bitartean. Dindirri itxi eta sei urtera Galdakaoko Andra-Mari taldean eskolak emoten hasi zan. Betibe bolondres moduan eta eskuzabal ebilen jantzearen munduan, bere bokazinozko jardunean.
Txeluk honako pasadizu hau gogoratzen dau: goizeko 5:30ean, Begoñatik urten eta Bizkargi zeharkatuz Ajangizera heldu, 11:30etan jantzan egin, txistulari lagun baten Aurre baserrian bazkaldu, entseatu eta ondoren trenez Begoñara itzuli.
Jantzari eta zuzendari artistiko legez 28 urtez jarduteak talde bakotxak bere erara jantzan egiten dauela erakutsi eutson Txeluri. Horregaitik iturrietara jo eban eta Durangaldean Berrizko (Alejandro Aldekoa) eta Garaiko taldeek euren jantzak erakutsi eutsiezan. Lekeitioko Kaxarranka eta Arretxinagako San Migelen jantzea (Xemeingo jantzea) be jaso zituan. 1969an, Jose Luis Etxebarria Goirik bere lehen liburua argitaratu eban: Bizkaiko dantzak - Danzas de Vizcaya, hain zuzen be. Hogei urte geroago, jazotako aldaketak kontuan hartuta, barrikuste sakona egin ondoren, Bizkaiko dantzak – 1990. urtea bere bigarren liburua kaleratu eban.
Txeluren beste lorpen bat be nabarmendu behar da, izan be, bera izan zan metalezko txistuaren asmatzailea.
Jubilau ondoren, K-Toño, Juanjo Antiguedad, Iñaki Epelde… lagunakaz Santagedako usadiozko koplak kantetan hasi ziran, ez dirua batzeko asmoagaz ohitureari eusteko baino. Kantu zaleak izanik kopletatik harago jarraitzen eben eta koru bat osotzea eskatu eutsien. 1987ko martian sortu zan Garaizarko Lagunak. Gaur egungo Jesus Galindez kaleko 10-12 zenbakietako etxabean egiten zituen kantu saioak. Geroago frontoiko gela huts batean jarraitu eben. 1989an, neska adiskide eta ezagunakaz izen bereko emakume abesbatza bat eratu eben.
1992an, koru biek izena aldatu eta Garaizarko Mahatsorriak hasi zan martxan. Izen horregaz Bizkaiko Abesbatzen Elkartera batu zan.
Zergaitik ez dozu sortzen gizon-emakumez osotutako koru bat? galdetu izan deutsie Txeluri. Beti gauza bera erantzun izan dau: Emakume edo gizon taldeak bakarrik dagozanean abesbatza lez kantetea gura dot. Hori ez da gertatzen koru mistoetan.
1998 urteko Begoñako Koral Astean zuzendu eban azkenekoz gizonen abesbatza. Ikusmen arazoakaitik itxi eban bere ardurea eta lekukoa Jose Antonio Kalzada Surtik jaso eban.
1999an, Begoñako Sustraiak emakumeen korua zuzendu eban azkeneko aldiz Begoña Koral Astean eta ardurea Begoñako Estitxu Perez Uribarrenen esku itxi eban.