uriola.eus

Korrontzik eta Oinkarik euren koreografiak ikasteko aukerea emongo deutsee jantza taldeei

Erabiltzailearen aurpegia   Kultura-aisialdia

Korrontzi Dantzan proiektuaren bidez, Korrontziko musikearen eta Oinkariko jantzarien arteko alkarlanaren fruitua nahi daben guztiei erakutsiko jake. Holan, Euskal Herriko edozein jantza taldek emon leike izena koreografiak ikasteko. Udagoienera arte, Oinkariko irakasleek jantzak erakutsiko deutseez eta, zemendian hasita, herririk herri emonaldiak egingo ditue.

Agus Barandiaran Korrontziko kideak azaldu dauenez, aspaldi hasi ziran euren musikeagaz jantzea buztartzen eta, 2009tik, Oinkariren alboan jardun dira beti. Mundu zabalean ibili gara Oinkarigaz, alkarlan oparoa da, azaldu dau Barandiaranek. Oinkarik Korrontziren musikeari laguntzeko koreografiek ganerako jantza taldeen arretea erakarri dabe, askotan galdetu izan deuskue koreografia horreek ikasteko modurik ba ete dagoan eta, orain arte, ez dogu gauza handirik euki, DVDren bat edo beste. Horregaitik, Korrontzi Dantzan egitasmoagaz, nahi daben jantza taldeek horreek koreografiak ikasi ahal izango ditue, ondoren, jentaurrean erakusteko. Funtsean, herrietako jantza taldeek geugaz ikastea nahi dogu, laburtu dau Barandiaranek.

Dei egiten deutsegu Euskal Herriko jantza taldeei izena emoteko, nahi dauena etorri leiteke gugana, azaldu dau Barandiaranek. Behin taldetxua osotuta, urteotan garatutako koreografiak irakasteko momentua etorriko da, uda partean. Oinkariko irakasleak ibiliko dira lan horretan, gure musikearen ganean jantzan egiten erakutsiko deutsee. Lan polita baina gogorra izango dala onartu dau Barandiaranek, jantza taldeetako kideek ondo dakie jantzan baina guk musika tradizionalari beste ikuspegi batetik begiratzen deutsagu eta, horregaitik, Oinkarik gugaz egindako koreografiak be bereziak dira.

Ikastaroa udagoienera arte izango da. Zemendian, ikasitakoa jentaurrean erakusteko momentua izango da, talde bakotxak bere herrian ikuskizun berezi bat egitea nahi geunke, guk musikea jo eta eurek jantzan egin, azaldu dau Barandiaranek. 25 ikuskizun inguru antolatzea aurrikusi dabe, baina oraindino ez dago oso zehaztuta, ikastaroaren emoitzearen araberakoa be izango dalako ondorengo birea.

Oinkariko Eneko Arteagaren esanetan, erronka handia izango da hau. Beste jantza taldeakaz hartuemona eukitea polita izango dala uste dau, geuk be gauza asko ikasiko doguz besteakandik, Oinkarirentzat positiboa izango da. Villabonako jantza taldeak 40 urte beteko ditu aurten, urte amaieran. Beraz, proiektu honetan sartzea urteurrena ospatzeko modu bat be izan leitekela adierazo dau Arteagak.

Agus Baradiaranek be onartu dau lan handia ekarriko deutsela egitasmoa aurrera atarateak. Baina, horren ganetik nabarmendu dau, hunkigarria izango dala beste jantza talde batzuk euren musikeagaz jantzan ikustea. Polita izango da, herrietako jantzariak, zaharrak eta gazteak, geure musikearen doinuan jantzan ibiltea. Deialdia zabalik dago eta interesa daukien taldeek Korrontzigaz edo Oinkarigaz bat egitea baino ez daukie.

Dabi Piedra Robledo

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa