Irakurzaletasuna sustatzeko 'Irakurri, gozatu eta oparitu' egitasmoa bederatzigarrenez abiatu da

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko api. 21a, 00:00

Liburuaren nazinoarteko egunean, apirilaren 23an, Euskaltzaleen Topaguneak Irakurri, gozatu eta oparitu ekimenaren bederatzigarren edizinoa ipini dau martxan, hainbat euskera alkarte, udal, liburutegi eta liburu-dendagaz batera. Euskal Herri osoko 42 herritara zabalduko dabe egitasmoa, bagilaren 30era arte.

Irakurzaletasuna bultzatzea helburu dauen egitasmo honek herritarrak euskerazko liburuak irakurtera animau nahi ditu, irakurtearen alde atsegin eta gozagarria azpimarratuz eta parte-hartzaileei abantailak eskainiz, azaldu dabe ekimenaren arduradunek. Egitasmoa tokian tokiko euskaltzaleen alkarteen, udalen, liburutegien eta liburu-denden alkarlanari esker abiatuko da, eta herrietako eragileen arteko harremanerako tresna izan nahi dau.

Kanpainaren izenak berak argi adierazoten dauenez, hiru pausu eman behar dira bertan parte hartzeko. Lehenengo eta behin irakurri egin behar da: herriko liburutegi publikora joan, eta euskerazko edozein liburu maileguan eskatu vehar da. Gozatutea da hurrengo pausua: liburua irakurri, liburutegira itzuli , eta fitxa sinple bat bete beharko da, geure eretxia emonez. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emongo deutso irakurleari, hitzartutako liburu-dendan erabilteko. Eta amaitzeko, oparitu: liburua oparitzea da, lagun bati, senide bati, edo norbere buruari.

Liburutegian jasotako txartelagaz, euskerazko beste edozein libururen prezioaren %25 edo %50 ordaintzeko aukera izango dabe parte-hartzaileek.


Liburuaren Nazioarteko Egunean hasita, bagilare 30era arte


Aurreko edizinoetan lez, apirilaren 23an abiatuko da aurten be Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoa, Liburuaren Nazinoarteko Egunean. Kanpainea bagilaren 30ean amaituko da, hori izango da erosketa-txekeak lortzeko azkenengo eguna, eta garagarrilaren 11, barriz, liburuak erostekoa.

Aurten 42 herritan izango da martxan ekimena. Eskualdekako hedapenean zentrau dira antolatzaileak egitasmoa herrietan indartzeko helburuagaz: Bizkaiko lurraldean, Atxondo, Balmaseda, Derio, Etxebarri, Gernika, Getxo, Larrabetzu, Ondarroa, Otxandio eta Zamudion; Arabako lurraldean, Agurain, Asparrena, Dulantzi Legutio, Urkabustaitz, Zigoitia eta Zuian; Gipuzkoan, Astigarraga, Beasain, Lazkao, Mutriku, Soraluze, Ordizia, Orio, Pasaia eta Zaldibian; eta, Nafarroan, Altsasu, Antsoain, Aranguren, Arbizu, Atarrabia, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Etxarri-Aranatz, Irurtzun, Uharte, Ultzama, Lakuntza, Lizarra, Olazti eta Zizur nagusian.

Aurreko urteetan ikusi danez, kanpainak eragin positiboa dau herritarrek herriko liburutegian egiten daben euskerazko liburu mailegu erabileran. Izan be, egitasmoaren helburuetariko bat da euskaldunak liburutegi publikoen erabiltzaile bihurtzea. Ekimenak liburuen salmentan izaten dauen eragina be kontuan hartzekoa da,dinoe antolatzaileek.

Irakurri, gozatu eta oparitu ekimenaren bueltan bestelako literatur jarduerak be antolatuko dira, besteak beste, berbaldiak idazleekaz, liburu azokak, irakurketa musikatuak eta beste.

Osorik irakurri