Arriaga Antzokiak bere 125. urteurrena ospatuko dau maiatzaren 31n

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko api. 22a, 00:00

1890eko maiatzaren 31n, arratsaldeko 20:00etan, altzau zan lehen aldiz antzokiko oihala. Ikus-entzuleek Arriaga izena jarri eutsien berehala, antzokia egoan plazearen izenagaitik. Plazeak musikari bilbotar handiaren omenez dau izen hori. Gau haretan ikus-entzuleek ikusi ahal izan eben lana Amilcare Ponchielliren La Gioconda operea izan zan.

Arriaga Antzokia, beraz, ospakizunetan sartuta dago, izan be, maiatzaren 31n, domekan, 125 urte beteko dira jazoera garrantzitsu haretatik. Oso momentu garrantzitsua izan zan Bilborako eta hori ospatzeko, maiatzaren 31n, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, gala berezia antolatu dabe, eszenatoki gainean gure eszenan oso ezagunak diran artista ugari batuko dituan ikuskizuna, horreetako batzuk nazinoartean be ospe handia dabenak, tartean abeslariak, antzezleak, lirikako izen handiak, jantzako maisuak, idazleak eta abar luzea egongo dira.

Ekitaldian, artistek zuzeneko emonaldiak eskainiko ditue eta artista horreetako batzuk, gainera, ospakizunerako ikuskizun bereziak atontzen dabilz.

Arriaga Antzokiaren historiak leku garrantzitsua beteko dau ekitaldian. Hori dala eta, ikuskizunez gan, ikus-entzuleek beste sorpresa asko izango ditue, eta antzoki honek bere 125 urteetan eskaini dituan momentu eta protagonista garrantzitsuenak gogoratuz hunkitzeko aukerea be izango dabe. Era berean, Kultura alorreko personaia handiek, horreetako batzuk mundu mailako izar garrantzitsuak, Arriaga Antzokiari omenaldia eta aintzatespena emoteko grabautako mezuak entzun ahal izango dira, euren ibilbide artistikoan eszenatoki honetara igoteko aukerea eta ohorea izan daben lagunen mezuak.

Ekitaldia Emilio Sagik, Arriaga Antzokiko zuzendari artistikoak eta azken urteetako bultzatzaile nagusietakoak, gidatuko dau. Beragaz batera, Gurutze Beitia eta Enriqueta Vega euskal antzezleak be izango dira.


Magiaz betetako 125 urte

1890eko maiatzaren 31 haretan Bilboko ikus-entzuleak Ponchielliren La Gioconda opereagaz zurtz eginda geratu ziranetik 125 urte beteteko oso gitxi falta da. Gau haretatik, zenbat bider igon eta bajatu ete da antzoki zahar baina barriztatu honen oihala? Jantza, opera, zartzuela, antzerkia edo kantu alorreko zenbat artistak zapaldu ete dabe bertako eszenatokia? Zenbat personaia publikok astindu ete ditue kulturearen edo politikearen urak Arriagako berbaldien bitartez? Zenbat bilbotar belaunaldik berotu ete ditue antzokiko jesarlekuak, barrearen, emozinoaren, txaloen eta, aldian behin, lo-kuku baten erdian? Mundu osoko zenbat bisitari geratu ete da aho zabalik Arriaga Antzokiaren edertasunaren aurrean, eta zenbatek gozau ete dabe bertako ikuskizunakaz? Batek jakin!

Erantzun zehatzik ez daben galdera asko dira, baina nahikoa motibo dago ospatzeko, 125 urte diralako. Eta Arriaga Antzokiak beti azpimarratu dau danon antzokia dala. Horregaitik, ekitaldia Arriaga Antzokiari egiten jakon omenaldia da, ezelako duda barik, baina beste ezer baino lehen, beste gauza guztien gainetik, Arriaga Antzokiak ikus-entzuleei, Bilboko uri osoari, eskaintzen deutson omenaldia da. Horreen artean azpimarratzekoak dira gure Arriagako Lagunak, gure programazinoaren ikus-entzule leialenek osotutako taldea, eta gero, aldian behin, ilusinoz betetako mundu paraleloan sartzera Arriaga antzokira etorten dan jente guztia. Laburbatuz, Arriaga Antzokiak Bilbo maite dau, eta Bilbok Arriaga Antzokia maite dau. 125. urteurreneko ekitaldia errealidade horren adibidea eta ospakizuna da.


Sarrerak salgai apirilaren 27tik aurrera

Sarrerak 10 euroan jarriko ditue salgai datorren astelehenetik, apirilaren 27tik, aurrera. Sarrerak salgai egon godira www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan.

Osorik irakurri