UEMAk eta Argia astekariak euskarazko hedabideen irakurzaletasuna sustatuko dabe

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko api. 23a, 00:00

Udalerri Euskaldunen Mankomunidadeak (UEMA) eta Argia astekariak hitzarmena sinatu dabe, herritarren artean euskerazko hedabideen irakurzaletasuna indartzeko eta aldizkaria ezagutarazoteko helburuagaz. Horretarako, UEMAn dagozan udalerrietan euskerazko prentsearen presentzia sustatzeko alkarlana abiarazoko dabe, eta esangura horretan, batetik, UEMAKo udalerrietan udalak kudeatzen dituan guneetan euskerazko prentsea eta Argia aldizkariaren presentzia bermatuko da.

Bi erakundeetako lehendakariek sinatu dabe lankidetza hitzarmena: Bego Zuza Zabalegi Komunikazino Biziagoa S.A.L.-ko lehendakariak batetik, eta Maren Belastegi Guridi UEMAko lehendakariak bestetik.

Ekimen honegaz bat egin izana eskertzeko, UEMAko kide diran herrietako udal zein herritarrak, aldizkarira harpidetzen badira edo ekarpen ekonomikoren bat egiten badabe bagilaren 30a baino lehen, Europako Herrien Mapea be jasoko dabe. Udalen kasuan, gainera, honezkero harpidedun diran udal zein zerbitzuek be izango dabe argitalpena jasoteko aukerea aldizkariagaz harremanetan jarrita.

Argia astekariko arduradunak adierazo dauenez, bide barriak zabaltzen dabilz azken hileotan eta, hausnarketa estrategiko baten ondoren, jarduerea ardazten daben balioak barriro zehaztu ditu: euskalduntasuna, feminismoa, memoria historikoa eta iraunkortasuna. Herrigintza ikuspegiz gabilz beraz, eta gure baloreak dira gure balio. Euskerazko astekari nazional bakarra izanda, lurraldetasuna dogu oinarrizko ezaugarri. Euskal Herriaren imaginario kolektiboa elikatzen dogu, zazpi lurraldetako herritarrak jarten doguz alkarrizketan errealidade beraren bueltan, azaldu dau.

Kontuak kontu, euskeraz bizitea bermatzeko, euskalgintzatik eta herrigintzatik, oro har, euskerazko komunikazinoaren aldeko apustua egitea ezinbestekoa dala ziurtatu dau, eta astekariak apustua egin dau Euskal Herri guztira zabaltzeko, harpidetzak egin eta gure komunidadea trinkotzeko. Eta horretarako, bidelagun izan daitekezan eragileakaz alkarlana sakontzea ezinbestekoa da. Udalerri Euskaldunen Mankomunidadea, helburu horreek lortzeko alkarlanerako eragile garrantzitsua izan daitekeela uste dogu. UEMA euskeraz bizi diran udalerrien topagune dan neurrian, mundu mailan euskerea normalizetako eragile garrantzitsuenetako bat da, esan dau.

Osorik irakurri