Kontseiluaren eskutik, euskeraz biziteko eskubidearen aldeko jaialdia egingo da Iruñeko Anaitasuna pabilioian datorren zapatuan, hilaren 25ean, Nafarroan euskereak aurrera egingo badau beste hizkuntza politika bategaz izango dala aldarrikatzeko. Hizkuntza politika barria eta eragingarria behar dau euskereak. Azaleko aldaketea baino, egiturazko aldaketea behar da egoereari bueltea emoteko, adierazo dau Maite Inda Kontseiluko kideak. Orain arte eginiko lana eta aurrerantzean egin beharrekoa lotu ditu Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak: Urte honeetan guztietan herri mobimentuaren eta antolatu bako herritarren lan boluntario handiak ekarri dau euskerea eta ekarri gaitu gu guztiok hona. Hori barik askoz be egoera okerragoan egongo ginateke. Anaitasunako ekitaldia bihar-etzirako indarra hartzeko ariketea izango dala nabarmendu dau: Euskeraz biziteko gogoa. Hori da datorren zapatuan Anaitasuna kiroldegian batuko garenok alkar lotzen gaituana. Gogo hori errealidade bihurtzeko lan egiten dogu.
Euskalgintzako kide ugarigaz batera egin dau agerraldia Bilbaok, besteak beste, bertan izan dira Alizia Iribarren (AEK), Joxerra Senar (BERRIA), Nestor Esteban (EHE), Patxo Abarzuza (Elkar), Leire Muxika (Emun), Sagrario Aleman (IKA), Eneka Maiz (Uema), Garikoitz Torregrosa (Sortzen), Oskar Zapata (Topagunea), Urko Aristi (Tokikom), Lorea Arburua (Bertsozale Elkartea) eta Edurne Koch (UEU).
Kontseiluak antolatutako ekitaldia izan arren, gero eta atxikimendu eta babes handiagoa jasoten dago. Sindikatu ugarik euskeraz biziteko lan eremuak euskalduntzeko beharra azpimarratu dabe. Era berean, Iruñeko hainbat eragile sozialek salatu dabe Nafarroako Gobernuak euskerearen kontra egiten dauena onartezina dala: Euskeraz bizi nahi dogun herritarrok ez dogu horretarako aukerarik nahi dogun guztietan.
Egitarauari jagokonez, goizeko 10:00etan, Ezkaba mendian lasterketa ez lehiakorra iragarri dabe. Gero, 14:00etan, bertso bazkaria egongo da Julio Soto, Alaia Martin eta Fredi Paiagaz. Amaitzeko, barriz, 18:30ean hasiko da ekitaldi nagusia.