Bilboko Barrutietan 200 kultur proposamen baino gehiago izango dira 'Kultura Kalez Kale' egitarauaren barruan

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko api. 30a, 00:00

Bilboko barrutiek kaleko arte eszenikoen kultur eskaintza nagusia batuko dauen Kultura Kalez Kale egitaraua jasoko dabe maiatzean eta bagilean, beste proposamen batzuen artean zirkua, clown erakustaldia, magia, antzerkia, ipuin-kontalariak, berbaldiak, kontzertuak, kaleko bandek eskainitako musika animazinoa eta beste zenbait kultur jarduera jasoko dituan programazinoagaz. Danetara, 200 ikuskizun eta jarduera inguru izango dira, ikus-entzule guztiei zuzenduta. Egitarauaren ezaugarri nagusia da, gehien erabiliko dan eszenatokia kalea izango dala.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimenaren helburu nagusia zenbait kultur proposamen auzoetara hurreratzea da, bertako kaleak animau eta biztanleen partaidetzea eta holako ikuskizunakaz harreman zuzena sustatzea. Horrezaz gan, bertako musika eta antzerki taldeei batez be, euren lanak jentaurrean aurkezteko aukerea eskainiko jake, estadu eta nazinoarte mailako beste proposamen batzuekaz batera.

Eskaintza anitz hori maiatzeko lehen astegoienean jarriko da martxan, Ibaiondoko, Deustuko eta Abandoko barrutietan izango diran musika eta antzerki jarduerakaz, baina barruti guztietara zabalduko da hileko lehenengo astean, Magia Topaketak lako programak martxan jarten diranean. Topaketa horreetan hogei mago inguru batuko dira, gehienak gero eta ospe handiagoa lortzen dagozan Estadu osoko, Frantziako eta Alemaniako magoak. Ikuskizunak hile osoan izango dira, Txurdinaga-Otxarkoaga barrutiko plazetan eta Otxarkoagako udaltegian.

Maiatzaren 7tik aurrera, IV. Clown Zorrotza ospatuko da, Azoka parkean. Aurten izen handiko bost konpainiak hartuko dabe parte programan: bi euskaldunak izango dira, Xanti Ledesma eta Ganso & Cía, Mathieu Moustache eta Monkey Style frantsesak eta Jessica Arpin clown suitzarra. Udabarri honetan, Bilbok Zirkualde, Zirku Jaialdia, be jasoko dau, bagilean, Errekalde auzoan.


Folklorea

Bilboko plazetan eta kaleetan ospatuko diran erromeria herrikoien, jantzaldien eta kalejiren bitartez Euskal Herriko folklore herrikoia bultzatzeko helburu nagusia dauen Dantza Plazetan programeak, Bilbon tradizino gehien dauenetakoak, erromeriaz, jantza erakustaldiz eta kalejiraz osotutako programazinoa ekarriko dau.

Maiatzean hasiko dira, baita be, Santutxuko Udabarriko Bertso Saioak egitaraua, eta barruti guztietako hainbat leku, estilo anitzetako kaleko musika banden erritmoz beteko dituan Musikauzo programea, maiatzeko eta bagileko barikuetan eta zapatuetan.

Fanfarria klasikoenaren soinuak eta animazinoa Sugarri Show taldearen eta hainbat estilo lantzen dituan Orkestra Elektrotxaranga, Kuklux Band Fanfarria edo Sama Siku lako beste banda batzuen, edo nazinoartetik etorritakoen eskutik helduko dira, Frantziako Funky Style Brass edo Ingalaterrako Perhaps Contraption, besteak beste. Horrezaz gan, bigarren urtez jarraian, ikus-entzuleek hainbat estilo lantzen dituen musikari euskaldunez gozau ahal izango dabe, bagilean Deustuko eta San Inazioko hainbat eszenatokitan, Euskerazko Musika Lehen(a) Barrutian programearen barruan.


Kultura gehiago

Bi hileotan uriko barruti guztiek jasoko dituen proposamen ugariez gan, Abandoko udaltegiak Musika dibertigarria da kontzertu didaktikoen edizino barria jasoko dau maiatzean, eta Zorrotzako udaltegiak Zinema Zorrotza egitaraua, maiatzean eta bagilean eskainiko diran saioakaz. Saio horreetan, Bilboko azken Zinebi eta Fanteko film labur onenen aukeraketea eskainiko da. Horrezaz gan, auzoan bertan bizi dan Germán Alcarazu antzezleak aurkeztuko dauen A escondidas film luzea be eskainiko da.

Beste alde batetik, Olabeagako Udaltegiak, honezkero ohikoa dan aire zabaleko zinema saioa jasoko dau bagilaren 26an, FAS zine-klubagaz alkarlanean. Egun horretan El negociador lana eskainiko da, eta Borja Cobeaga eta Ramón Barea bertan egongo dira.

Barrikuntza lez, programazinoak aire zabaleko ipuin-kontalari saioak eta umorezko ipuinak jasoko ditu Ibaiondoko barrutian. Horrezaz gan, Kultura Kalez kale egitarauak kaleko antzerkia programau dau familia osoari zuzenduta, batez be ikus-entzuleen artean barrea eragiten espezialista diran Malas compañías, Ganso y Cía edo El Sainete lako euskal konpainiakaz.

Kultur programazino deszentralizatua urte osoan zehar gauzatzen da, baina jarduera gehienak udabarrian izaten dira, garai horretan aukera gehiago dagoalako kalea eszenatoki lez erabilteko. Holan, Kalealdia Bilboko antzerki eta kaleko arteen jaialdia be garagarrilera bitartean ospatuko da.

Informazino gehiego hemen.

Osorik irakurri