Txina harri-kartoizko postal bihurtu da (I)

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko api. 30a, 00:00

Eraikin askotan bost izar beilegidun banderea egon arren, erraz konturatzen gara Kashgar uriak Txinaren antz handirik ez daukala. Asiako herrialde erraldoiaren iparmendebaldeko oasi hau Pekinetik ia 4.000 kilometrora dago. Hemen ez dago arpegi biribilik eta begiak be ez dira txinatarrenak modukoak. Biztanle gehienak uigur etniakoak dira, jatorri turkiarrekoak, islamiar erlijinokoak eta mendebaldeko arpegieradunak. Teilatu oker gitxi dago hemen, eta eraikin txinatarren kolore biziak be ez dira sarritan ikusten. Ez, hau okre koloreen lurraldea da. Egurra eta zohia, horrek dira orain 2.000 urte Kashgar uri zaharra eregiteko erabili ziran materialak. Asia erdialdeko kultur urigune garrantzitsuenetakoa da, eta Zetaren Bide ezaguneko puntu nabarmenenetakoa.

Orain, Alderdi Komunisteak merkatal-bide zaharra indarbarritu gura dau bere indarra kontinentearen zati horretan errazago zabaltzeko. Hilaren 20an iragarritako Txina-Pakistan Ekonomi Korridorea proiektu handiak 45.000 miloe euroko inbersinoa izango dau, 3.000 kilometro baino gehiagoko autobide, trenbide eta petroliobideak eregiteko, eta holan Pakistaneko Gwadar uria eta Kashgar lotuko dira. Asia osoa egituratzeko txinatarren plan faraonikoaren lehenengo zatia izango da. Txinako hegoaldean Shenzhen dago, eta mendebaldean, Kashgar, dino kolore bako propaganda-panel batek. Inbersinoak erakarteko Pekinek ezarritako Gune Ekonomiko Berezi barriari buruz dabil panela. Estrategia hori erabiliz lortu dabe Shenzhen arrantzale herri txikia hamarkada bitan megalopolis futurista bihurtzea.

Indar ekonomikoa ez da buruzagi txinatarrek Kashgarren indarbarritu gura daben gauza bakarra.  Xinjiang eskualde autonomoko zonalderik gatazkatsuena da Kashgar. Muturreko talde uigur batzuk terrorismoaren alde egin dabe independentzia lortzeko. 2009an, eskualdeko uriburu Urumqin izandako burruken ostean -200 lagun hil ziran-, Txinako gobernuak erabagi eban uriak ez ebala lurrikara eta suteen kontrako segurtasun neurri nahikorik. Halanda ze, urigintza plan polemiko bat onartu eben, eta daborduko hasi da martxan: eraikin zaharren %85 -65.000 etxebizitza inguru- bota egingo ditue, bloke barriak eregiteko. 5,07 metro koadroko azaleran 200.000 lagun birkokatuko ditue.

Etxebizitza zaharretako bizitza baldintzak bildurgarriak ziran, eta oso arriskutsua zan suteren bat egon ezkero, dino izena esan gura ez dauen Urigintza Plangintzako Bulegoko funtzionario batek. Beste inork ez deutso erantzun nahi izan kazetari honi. Bai uigur independentistak, bai atzerriko komunikabideek plana kritiketan dabe, uigur kulturearen zutabeak desegingo ditualako. Baina, gure ustez aberastasuna sortzeko balioko dau, turismoa erakarriko dauelako eta ezbeharrak ebitauko dituelako, ganeratzen dau. Ehmed Rahshidek errazoia emoten deutso. Etxe barria jaso dauen bizilagunetako bat da. Familiak bizi-baldintzak nabarmen hobetu dituela dino. Lehen ez geunkan ez komunik, ez urik. Orain dana da erosoagoa. Ganera, etxebizitza barria, hormigoizkoa, lehengoaren antzekoa da.

Komunikabide ofizialek be urigintza plana goraipatu dabe. Global Times egunkariak ez dauka ezelako zalantzarik: Kashgar uri zaharraeko etxeak kontu handiz dabilz barrizten, uigur kulturea errespetauz. Testuan, egunkariak etxebizitzak apurkorrak eta arriskutsuak dirala azpimarratzen dau, eta Gobernua uigurren nortasun kulturala gordeteko ahalegin handia egiten dabilela.

Eraikin bakotxak egitura desbardina dauka, eta arkitektura ezaugarri bereziak. Horregaitik, barrizteak banan-banan egin behar dira, azaldu eutson egunkariari He Taok, Kashgarreko Alde Komunista Iraunkorreko kideak. Lehenagoko moduan egin behar da lan, eta ez da erraza behar dan moduan prestautako beharginak topetea, autortu eban.

Erreportajearen bigarren zatian Txinako urigintza-garapenaren ondorio kaltegarrienak aztertuko doguz.
 

Osorik irakurri