Mikel Antzak 'Ametsak ere zain' poema liburua kaleratu dau

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko mai. 4a, 00:00

Hauxe dau lehenengo olerki bildumea Mikel Antza idazle donostiarrak. Sei poema luze idatzi ditu, gordinak eta gogorrak, heriotzea, kartzelea eta gerrea gai nagusi dituenak. Frantziako Reauko kartzelan dago Antza, eta berak idatzitako gutuna irakurri eben  Ametsak ere zain (Susa) liburuaren aurkezpenean.

Donostian egin eben aurkezpen-prentsaurrekoa, Udal Liburutegiko sotoan, Susako editore Gorka Arresek, Jon Benito Idazleak eta Eneko Olasagasti zinemagileak. Olasagastik berak leidu eban Mikel Antzak kartzelan idatzitako eskutitza. Generoz aldatu arren kartzelatik ezin urtenda dabilela dino Antzak, iges egiteko nahiko leuken literatureak kartzelara daroala behin eta barriz.

Ulertzen diran olerkiak dira, baina zati batzuk ilunak izan daitekezala onartzen dau egileak. Intro, Bellum, Carcer, Mors, Invictus eta De Profundis dira sei poemen izenburuak. Kartzelea, nortasuna, kritikea eta autokritikea, burruka armatua, heriotzea ditu berbagai, besteak beste, Antzak, baina itxaropena be agiri da.

Hamar urte daroz kartzelan Mikel Antzak, jaiotzez Mikel Albisu Iriartek. Urteotan hainbat lan argitaratu ditu: Ospitalekoak (2010), Bakarmortuko kronikak (2011), Atzerri (2012) eta Z ber 2 (2013).

Osorik irakurri