Akaitze Kamiruaga: 'Gure betiko helburuari eusten deutsagu: herri ondarea batu, landu eta gizarteratzeari'

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko mai. 4a, 00:00

Urte bi barru 40 urte beteko ditu Estanislao J. de Labayru Eleizbarrutiko Ikastegiak, igaz egindako gogoeta estrategikoaren ostean, Labayru Fundazinoa izena hartuta, etorkizunerako erronka eta preminei aurre egiteko prest.

Labayru 1977an sortu zan, euskal kultura ondarea ikertu, bultzatu eta gizarteratzeko asmoagaz. Helburu zabal horri erantzun guran, hainbat arlo lantzen ditu, ikerketa edo zabalkunde mailan: irakaskuntzea, itzulpengintzea, herri-ondarea batzea, euskerearen erabilerearen normalizazino planak, etnografia, lexikografia… Era berean, osogarri garrantzitsua da Euskal Bibliotekea, Euskal Herriari eta hizkuntzeari jagokezan gaien ondare aberatsa gordeten dauena.

Era berean, Labayru Fundazinoa bizkai euskera idatziaren arautze, ikertze eta bultzatze lanetan erreferentziazko erakundea da: corpusak batzen eta lantzen, jarraibideak emoten, lan didaktikoak sortzen eta irakasten. Ganera, EGA titulurako zentro homologatua da.


1.- Igaz egin zenduen gogoeta estrategikoaren ondorioetako bat izan zan komunikazinoaren aldetik eragingarriagoak izatea nahitaezkoa dala, hau da, egiten dozuenaren barri zabaltzen asmau behar dala. Arlo honetan hobetzeko ze pausu emongo dozue?

Gogoeta estrategikoaren aurretik be beti gogoan izan dogun gauzea da hori, eduki eta sormen aldetik polito gabilz baina material horreek zabaltzeko edo erakusteko orduan zeozelako hutsunea edo akatsa izan dogu. Jente askok esaten izan deusku, produktuak egiten onak garela baina geure burua erakusten, egiten doguna zabaltzen daukagula hutsunea. Esangura horretan, Internetera jotea nahitaezkoa da, denporak aldatu egin dira eta lehen liburu bidez zabaltzen ziran gauzak baina orain askoz indar gehiago dauka irudiak eta, beraz, multimedia lanak egiten aspaldi hasita gagoz, Sarean eskegiteko bideoak eta abar. Horrezaz gan, sare sozialetan egotea be oso garrantzitsua da eta hor be aparteko ahalegina egiten gagoz.


2.- Gogoeta estrategiko horretan beste puntu edo arloren bat nabarmenduko zeunke?

Barrura begira edo geure lana egiteko moduari erreparauta, aldaketatxu batzuk izan daitekez baina batez be kanpora begira, lehengo bidetik proaktiboak izan behar gara eta zorionez, aurreko urteetan bezeroak gugana etorri dira eta ez dogu izan ohiturarik geu bezeroen bila joateko. Baina egon dan krisi galantaren ostean, hori asko aldatu da eta Labayruk, beste batzuei pasau jaken moduan, momentu larriak bizi izan ditu. Beraz, kalera, bezeroakana geuk urten behar dogula ikusi dogu, geure buruaren propagandea, geure eskaintza integralaren zabalkundea geuk egin behar dogula. Ondare itzela batu dogu urteotan, liburuak, hiztegiak, milaka kartel, erretratu, pegatina eta eskuorri eta horreen danen barri gizarteratzen asmau behar dogu; berbarako, hiztegi fraseologiko barria egunotan jarri dogu sarean; ondoko helbidean topauko dozue: http://hiztegia.labayru.eus/.


3.- Oraintsura arte Labayru Ikastegia ezagutzen genduan baina aurrerantzean Labayru Fundazinoa izango zarie, 1977an, Antonio Añoveros gotzainak fundazino kanoniko izaerea autortu baeutson be Labayruri. Oinarrian ze barrikuntza dakar fundazino etiketa horrek?

Bai, hasiera-hasieratik da Labayru fundazinoa. Ez gara fundazino bihurtu orain, izena barriztau, besterik ez dogu egin. Euskeraz Labayru ikastegia erabilten izan dogu, gaztelaniaz Instituto Labayru; baina sarri esan deuskue Instituto Labayru izena be ez dala izan oso garbia. Orain, barriz, gure zuztarretara joatearren, Fundazinoa berbea izen ofizialera eroatea erabagi dogu, euskeraz zein erderaz alderik egon ez daiten. Gure organigraman, kudeaketan eta estatutuetan ez da ezelako aldaketarik izan.


4. 'Izan Labayru' kanpainea be abiarazo dozue. Zeintzuk dira ezaugarriak?

Gure ia 40 urteko ibilbidean, Labayrutik milaka lagun pasau dira, ikasleak, beharginak, laguntzaileak, bezeroak eta abar. Eta gura doguna da erakundea bera eta sare hori bateratu, indartu, erakundea gizarteagaz, enpresakaz zein administrazinoagaz lotu. Labayruk 300 bat laguntzaile ditu baina gura doguna da Labayruko kide egitea, laguntzaile kuotarik eta holakorik barik, Labayruren sare hori aprobetxau eta ahal dala zabaldu egin gura dogu, bai lanetarako, eta bai eretxiak alkartrukatzeko be.


5.- Logoa eta webgunea aldatzea eta erakundearen egoitza guztiak Bilboko eraikin bakarrean batzea be erabagi potoloak dira...

Hori da gure amesa. Barruko behar eta jardunerako askoz errazagoa izango litzateke eraikin bakarrean kokatuta egotea. Hiru egoitza eukiteak lana bikoiztu edo hirukoiztu egiten dau, lan arloak sakabanatuta dagoz eta jentearentzat eta bezeroentzat be ez da bape erosoa eta eragingarria. Bilbo da erdigunea eta uriburuan egoitza bakarra eukita geu be agiriago egongo ginateke eta jentearentzat be erreferentzia puntu bakarra izatea be sano mesedegarria izango litzateke. Erraza ez da izango eta data zehatzik be ezin deutsut emon baina asmoa horixe da.


6.- Labayruren aspaldiko ardatzak dira ahozko euskeratik euskera idatzira, bizkaieratik batura bidea, edo dakigunetik ez dakigunera. Labayruk Bizkaiko euskereari lehentasuna emon eutson euskera batua zabaltzen egoan sasoian. Zergaitik?

Horixe dalako geurea. Bizkaian sortutako erakundea gara. Labayruren oinarriak Udako Ikastaroetan dagoz eta 70. hamarkadearen hasieran beharrizan batzuei erantzuteko abiarazo genduzan; sasoi haretan, gehienak euskaldunak ziran baina eskolatu bakoak eta, beraz, gazteak zein edadekoak hurreratu jakuzan eta Zarateren lemeari helduta, Dakigunetik ez dakigunera, etxekotik hasita euskera baturako bidea urratzen hasi ginan. Bizkaierearen aldekoak garen arren, Labayruk sekula ez dau egin batuaren kontra, Labayruren jarrerea izan da beti bizkaiereak batuari egin leikion ekarpena indartzea eta ezagutarazotea. Bizkaiereak zer emon ugari dauka, berbarako lexikoan zein esamoldeetan eta horreek danak kontuan hartuta, euskera biziagoa eta aberatsagoa egingo dogu danon artean.


7.- Labayruk Dakigunetik ez dakigunera abiatu zituan 1971. urtean Udako Ikastaroak eta Gaspar Martinez, ikastegiaren lehenengo zuzendariak asmautako 'Derioko Mobimentuan' ekin eutsien beharrari Ander Manterolak, Karmelo Etxenagusiak, Mikel Zaratek...

Hori izan zan Labayruko hazia, eleizeagaz batera horrexek izan ziran sortzaileak, kontuan hartu Bilboko Eleizbarrutiaren Derioko seminarioan sortu zala Labayru. Lehenengo helburua abadegaiak zein herritarrak euskeraz alfabetatzea izan zan baina hortik aurrera udakoak ahaztu barik, bestelako ikastaro batzuk be eskaintzen hasi zan Labayru Deriotik herrietara salto eginez, itzulpengintza ikastaroa eta abar.


8.- Orain 40 urterik hona aldaketa handia egon da danean, gizarte mailan, kulturan, teknologian... Labayruk jakin izan dau sasoi barriakaz bat egiten?

Ahalegina egin da eta horretan gabilz baina egia da hor apur bat atzetik ibili garela. Geldiro-geldiro bagoaz pausuak emoten baina guk beti esaten dogu etnografoak, hizkuntzalariak garela gu eta sormen lan horretan asmau arren, edukiak zabaltzen eta ezagutarazoten, barriz, apur bat motelago gabilzala, kosta egiten jakula oso garrantzitsua dan zeregin hori. Badakigu sasoi barriakaz bat egin behar dala nahitaez, bide horretan ekinean gabilz eta ez dogu lotsarik izango sektore desbardinetako lagunei laguntzinoa eskatzeko.


9.- Ume eta gazteen artean gero eta euskaldun gehiago dagoan arren, euskereak bizitasuna galdu dau. Labayrun Herri Ondare arloko arduradun zaitugula kontuan hartuta, zein da zure eretxia?

Dudarik ez daukat horretan. Euskaldun gehiago dago orain, ume guztiak dira elebidunak eta hori positiboa da izan baina argi dago kalean entzuten dan euskereari falta jakola bizitasuna, adierazkortasuna, aberastasuna. Batuaren eraginez eta eskoletan erakusten dan eredua bakarra danez, gaur danok egiten dogu berba bardin antzean, erregistroak bateratu egin dira, berbarako, gaur egun dana da haurra eta dana da jolastu, non dagoz umea eta olgau? Etxe batzuetan esaten zan abazuzea, beste batzuetan inetasie, beste batzuetan txingorra, kazkabarra... Eta pena da aberastasun hori ez erabiltea. Herririk herri, edadekoei makinatxu bat grabazino egiten deutseguz eta zoragarria da berez-berez zelako joskerea, zelako egiturak, zelako hiztegi aberatsa erabilten daben, ereduak horrexek dira baina horreek zelan transmitidu, hor dago etena.

Ganerakoan, erabilereari jagokonez, gazteek euskerea eskoleagaz, ikasketakaz lotzen dabela esango neuke baina eskolatik urteten dabenean, euskerea bazterrean ixten dabela. Hor dago erronkea, zelan lortu gazte, ume eta heldu askok naturaltasunez euskeraz egitea edonon eta edozein egoeratan. Erabilerea suspertzeko eta euskerea bera indartzeko, aberasteko eredu baliogarriak sortu eta ezagutarazoteko lanean dabil Labayru.


10.- Labayruk jorratzen dituan arloak dira irakaskuntzea, itzulpengintzea, herri-ondarea batzea, euskerearen erabilerearen normalizazino planak, etnografia, lexikografia… Ba al dago egitasmo barrietarako lekurik?

Bai. Guk ez dogu aterik zarratuko. Aitatu dozuzan horreek gure lan arlo potoloak dira baina kasuan kasuko beharrizanen arabera, ikastaroak zein mintegiak antolatu izan doguz eta antolatzen jarraituko dogu. Era berean, lehen aitatu dogun Labayruko sareko jenteagaz batu eta beharrizanak eta preminak aztertu ondoren, egokiak begitantzen jakuzan neurriak hartu edota lan arlo barriak urratuko doguz, gure betiko helburuari eutsita: batu, landu eta gizarteratzeari.


11. - Labayruren proiektu potolo horreetako bat da Euskal Herriko Atlas Etnografikoa. Zelan doa hurrengoa?

Polito. Zortzigarrena izango da hurrengoa, nekazaritzearen ganekoa. Ezustekorik ezean, datorren urtean argitaratu gura geunke. Etniker taldearen ardurea da baina Labayrun dago Atlas horren idazkaritzea eta idazketa taldea. Dakizunez, ikertzaile talde zabala dabil beharrean, Euskal Herri osoan batzen da informazinoa, inkestak egiten dira eta esan dozun lez liburuki bakotxa sekulako lana da.

Osorik irakurri