AEK-k udako matrikulazino kanpainea abiarazo dau

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko mai. 4a, 00:00

AEK-k udako kanpainea jarri dau martxan astelehen honetan, eta bere edozein euskaltegitan zein webgunetan informazinoa eskuragarri dago honezkero. Aurtengo udako matrikulazino kanpainearen leloa Udan ere euskahaldundu zaitez da.

Udako eskaintzeagaz, AEK-k 19. Korrikan nabarmendu zituan bi ideiak azpimarratu nahi ditu, hau da, euskalduntzea eta ahalduntzea. Udan be euskahalduntzen jarraitzeko aukera bikaina eskaintzen dogu, bai barnetegietan, bai euskaltegietan, baita on line be, azaldu dau AEK-k.

Udan euskerea ikasteko aukerak ugaldu egiten dirala gogorarazo dau, euskaltegietan antolatzen diran ikastaro trinkoak eta mailak egiaztatzeko azterketak prestatzekoak antolatzen baitira. Bestalde, ibilbide luzea daben barnetegien eskaintza zabala dago: euskalduntze barnetegiak, azterketak prestatzekoak, familia barnetegiak, ibiltariak (oinez edota bizikletaz), xiberera ikastekoa eta abar.

Barnetegia da euskerea ikasteko lekurik onenetakoa, euskerea ikasi nahi dabenak batzeko, euskerea entzungo dan leku batera joateko, bertan euskeraz egiteko, bertakoakaz zein ikaskideakaz, eta euskeraz hainbat gauza egiteko. Hori guztia, gainera, leku ederrean eta giro onean, udako giroan. Horreek dira ohiko barnetegiak, euskerea ikasten jarraitzeko, edo azterketaren bat prestatzeko. Horrezaz gan, alde batetik, familia barnetegiak doguz, euskerea ikasteaz gan, familiaren hizkuntza ohiturak sendotzeko; eta beste aldetik, ibiltariak, mintzapraktikea egiteko Euskal Herriko txokorik ederrenak ezagutzen diran bitartean, azaldu du AEK-k.

Era berean, norberaren herrian bertan edo oso urrun joan barik be egongo da aukerea ikastaro trinkoak egiteko; giro horretan, egunaren zati handi batean euskerea entzunez, ikaskideakaz eta irakasleagaz berba eginez eta gauzak euskeraz eginez, udako giroan gustura, ia konturatu barik, ikasteko aukerea izango dau ikasleak.

Kontuak kontu, informazino gehiago eskuratu edo izena emon nahi dauenak, ondoko bide honeek ditu eskura: 946 464 000 edo 673 200 100 telefono zenbakiak; AEK-ko edozein euskaltegira joatea; www.aek.eus webgunea; eta udabarnetegiak@aek.org posta elektronikoa.

Osorik irakurri