Jesus Hermida telebistako aurkezle eta kazetari historikoa 77 urte zituala hil da gaueko lehen orduan, Madrilen. Familiak jakinarazo dauenez, garun-infartu baten ondorioz hil da.
Hermidak (Ayamonte, Huelva, 1937) Accion Catolicaren Signo astekarian eta Europa Press albiste-agentzian hasi eban bere ibilbidea eta, geroago, La Actualidad Españolaren erreportaria izan zan. Informaciones egunkariko erredaktoreburua izan zan eta 1968an New Yorkera joan zan TVEko barriemoile lanak egitera. Zeregin horretan 11 urte baino gehiago emon zituan eta gizona ilargira heldu zan eguna hurretik jarraitu eban New Yorken.
1978an, Espainiara bueltau zan. Telebista saio desbardinetan parte hartu eban (De cerca, Cronica 3 edo Su Turno) eta ondoren irratsaioetan (La Hora Cero eta Viva la Gente).
1987an, TVEra bueltau zan eta Antena 3 telebistako zuzendari izentau eben 1992an. Hamabi urte geroago Gaztela-Mantxako telebistan hasi zan lanean albistegietako bigarren edizinoa aurkezteko.
2006an, TVEra itzuli zan barriro La imagen de tu vida saioagaz. 2009an, Regreso a la Luna RTVEko saio berezia emon eben. Ilargira egindako lehen bidaiaren 40. urteurrena ospatu eban Hermidak.
Jesu Hermida kazetaria Espainiako Telebista Arte eta Zientzien Akademiako sortzailea izan zan eta erakunde horrek Ibilbide osoari saria emon eutson.
Sari ugari jasotakoa da, berbarako, Telebistako Sari Nazionala nabarmendu behar da; 2012an emon eutson Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak. Era berean, Ondas, TP de Oro eta Antena de Oro sariak emon deutsiez. Horrezaz gan, Victor de la Serna saria be emon eutson Madrilgo Prentsa Alkarteak.
Liburugintzan, Yo abdico liburua da Hermidaren azkena; Nieves Herrerok lagunduta Juan Carlos eta Sofia erregeakaz bizi izandako historia profesional eta personala azaldu eban Hermidak 75 orrialdetan.