Maiatzaren 8tik 10era bitartean egingo da topaketearen 20. ekitaldia. Bertoko eta atzerriko konpainia eta artisten eskutik, dozena bat ikuskizun egongo dira egitarauan. Ganera, tailerrak eta erakusketa bat be antolatu ditue. Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Nazinoarteko Jaialdiko ekitaldi guztiak, urtero legez, dobakoak izango dira.
Asier Albizu Arrigorriagako alkateak azpimarratu dauenez, kalidadezko kartela eratu dabe aurten, kale ikuskizunaren arloko disziplina ugari egongo dira. Guztira, hamabi ikuskizun izango dira, hiru eszenatokitan: Juan XXIII.a plazea, Udaletxearen plazea eta polikiroldegia. Ganera, Arrigorriagako kaleak sorkuntzearen gordeleku izango dirala nabarmendu dabe antolatzaileek. Hizkuntzeari jagokonez, euskerazko emonaldi bat egongo da, gaztelaniazko bost, eta ganerako seirak, testu bakoak izango dira, keinu bidezkoak. Bost euskal konpainia ekarriko ditue Arrigorriagara, beti ahalegintzen gara bertokoei lekua egiten, Albizuk azaldu dauenez. Espero dogu Arrigorriagako jenteak disfrutetako moduko egitaraua izatea eta kanpotik be ikusle asko etortea, dino Albizuk, gure asmoa da jenteari ilusinoa sortzen deutsan jaialdia egitea.
Barikuan, hilak 8, 18:30ean izango da aurtengo jaialdiko lehenengo ikuskizuna, Juan XXIII.a plazan. Mathieu Moustachek Dans tous ses etats antzeztuko dau. Ondoren, Deabru Beltzak taldearen Drumbreak ikuskizunaren txandea izango da, leku berean. Zapatuan, hilak 9, bost ikuskizun programau ditue: El Gran Rufusen Al fin y al cabo, una nueva forma de vida, Ortziren Ilusioa, Jessica Arpinen Kalabazi, Cacahueteren L´enterrement de maman eta Primital Brosen El experimento. Amaitzeko, domekan, maiatzak 10, beste bost emonaldi izango dira. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Txo, Mikmak txikia izango da eguneko lehenengoa. Ondoren etorriko dira, Dikhotomiaren Spazi...o, El Espejo Negroren La Cabra, Circo Losen Xarivari Blues eta Sun magoaren Spectacular magic.
Amagoia Garaizabal jaialdiko zuzendariaren esanetan, familia guztiak disfrutetako moduko egitaraua preparau dabe: Goizeko emonaldiak, agian, umeentzako aproposagoak izan daitekez eta, ganerakoak, publiko guztiarentzat dira. Egitarau nagusiko hamabi ikuskizunez ganera, jarduera osagarriak egongo dira Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Nazinoarteko Jaialdian. Tiritirantes konpainiak zirku tailerra emongo dau maiatzaren 8an Arrigorriagako Herri Ikastetxean, eta Cacahuete konpainiak, barriz, kale antzerki tailerra, Kultur Etxean, hilaren 7 eta 8an. Modu berean, maiatzaren 13ra arte, erakusketea ikusgai dago udaletxeko erakusketa gelan. Igelen metamorfosia izenburupean, txotxongiloen mundua ezagutzeko aukerea emoten dau erakusketeak.
Asier Albizu alkatea pozik agertu da jaialdia 20. ekitaldira heldu dalako. 1995ean hasi ginan, orduko haretan magia, pailazo eta kale arteen jaialdia eukan izena. Hogei urteko ibilbidean, 250 artista eta konpainia baino gehiago pasau dira Arrigorriagatik eta, Albizuk ziurtau dauenez, beste jaialdi batzukaz be hartu-emona egin dabe. Andorra, Frantzia eta Argentinako jaialdi batzukaz lankidetzea daukagu. Amagoia Garaizabalek nabarmendu dauenez, garrantzitsuena kalea berbiztutea da, kulturea zabaltzea, kakoa umorea eta barrea dira. Kale antzerkiaren ezaugarriei esker, herritarrak be ikuskizunaren parte dirala azpimarratu dabe antolatzaileek.