Etxepare Euskal Institutuak Chicagoko Unibersidadean daukan Koldo Mitxelena Katedrearen 2015-2016 programa akademikoa abiatzear da. Euskal zinema: historia politiko eta kultural bat izenburuko ikastaroa ipiniko dabe martxan gaur bertan Pilar Rodriguez Deustuko Unibersidadeko irakasleak eta Rob Stone Birminghameko irakasleak.
Maiatzaren 6tik bagilaren 5era bitartean, euskal zinemagintzearen behar eta gai nagusiak izango ditue berbagai, hasierako sasoietatik gaur egunera arte. Lau arlo jorratuko ditue: euskal nazinoaren sorkuntzea pantailan, terrorismoaren errepresentazinoa, euskal zinemagileen bigarren belaunaldia eta film garaikideak -Kimuak programako film laburrak eta Euskal Herrian edo diasporan sortutako lanak-.
Etxepare Euskal Institutuak 2012. urtean sortu eban Koldo Mitxelena katedrea. Ikasturte bakotxean entzute handiko euskal irakasleren bat hartzen dau, euskal ikasketa humanistikoekaz zerikusia daukien eskola, mintegi eta berbaldiak emoteko.