Euskal egileen hamaika film labur ikusi ahal izango dira gaur, FANTen inaugurazino ekitaldian

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko mai. 8a, 08:20

Gaurtik hasi eta maiatzaren 15era egingo dabe FANT, Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 21. ekitaldia. Arratsaldeko inaugurazino ekitaldian, Campos antzokian, aurtengo sail ofizialean aukeratu diran hamaika euskal film laburrak ikusi ahal izango dira. Aurreko urteetan, zinema fantastikoaren ertzak arakatu ditue euskal egileek eta thriller, misterio eta bildurragaz lotutako piezak aurkeztu ditue gehienbat. Aurtengoan, baina, antolatzaileek nabarmendu dabe film laburretan fantasiazko zinemearen sustraietara jo dabela egileek.

Justo Ezenarro Bilboko Udaleko ordezkari eta FANTeko zuzendariak azpimarratu dauenez, kalidade oneko filmak dagoz aurten euskal film laburren atalean. Orain dala urte batzuk euskal egileen aldeko apostua egin genduan eta ondo urten dauela uste dot, urterik urte kalidade oneko pelikulak daukaguz, dino Ezenarrok, ikusleentzat erakargarria da sail hau. Zehazki, jatorri ugaritako 22 film labur lehiatuko dira aurtego FANT jaialdian eta onenak 3.000 euroko saria eskuratuko dau. Tartean dagoz euskal egileek aurkeztutako hamaika lan be. Horreentzat, beste sari bat be eratu dau FANTek, euskal film labur onenarena, 2.000 euroko sariduna.

Euskal film laburrik onenaren saria irabazteko hamaika hautagaiak ikusi nahi izan ezkero, inaugurazino ekitaldian horretarako aukera ona egongo da, guzti-guztiak bata bestearen atzetik proiektauko ditue eta. Ernesto del Rio Zinebiko zuzendariak nabarmendu dauenez, film luze bakarra ikusten dan denporan hamaika pelikula labur ikusteko modua egongo da. Eta horrek badauka abantailea: Ordu bian, ikuspegi eta estilo askotako proposamenak ezagutzen dira, aniztasuna dago, film luze bakarraren monotoniaren aldean, arrazoitu dau Del Riok. Gaur eguneko euskal zinemearen ikuspegi orokorra emoten dau sail honek. FANTeko inaugurazino ekitaldia barikuan, hilak 8, izango da, Bilboko Campos antzokian. Iluntzeko zortziretan hasiko da jaialdia, The House of Pine Street filmearen proiekzinoagaz. Ondoren, lehiaketara aurkeztutako euskal film laburren proiekzinoa egongo da.

Aurtengo hautagaien artean, estreinaldiak zein beste jaialdi batzuetan sariak lortutako piezak batu ditue. Ernesto del Riok azaldu dauenez, aurten fantasiazko generoan bete-betean sartzen diran filmak dira gehienak. Aurreko urteetan joerea egon da, zinema fantastikoa zentzu zabalean ulertu eta bestelako generoen nahasteak egiteko, thrillerrak eta bildurrezkoak batik bat, adierazo dau Del Riok, baina aurten, esango neuke benetako zinema fantastikoa dala nagusi.

Aitor Gutierrez zuzendariak Anomalo izeneko lana dakar FANTera, Zinebin euskal film labur onenaren saria jaso eta gero. Komedia bat da, barre eragitea da filmearen helburua eta, bigarren maila baten, suspensea be badago, azaldu dau Gutierrezek. Ivan Menak, barriz, A traves del espejo dakar FANTera, helduentzako ipuin bat da, traumak gainditzearen ingurukoa, zehaztu dau egileak. Paul Urkijok El bosque negro aurkeztuko dau Bilbon, eta Joaquin Urrutikoetxeak, El buen mal. Kote Camachok, ostera, Don Miguel dakar FANTera: Nire familian entzundako istorio baten oinarrituta dago pelikulea, aititeren aititeri jazotako kontu bat da, azaldu dau zuzendariak. Kepa Peñilek azaldu dau Homunculus filma stop motion izeneko teknikeagaz egin dabela berak eta Travis Flintek.

Iker Arceren Magia, barriz, egileak ziurtau dauenez, jaialdiko soilena da, sinpleena, plano bakarrean filmauta dago eta bitarteko gitxigaz, goiz baten egin genduan. Mikel Alvariñok Oscar desafinado izeneko lana aurkeztuko dau, eta Aitor Arenasek, La señora Jesus Mari. Arenasek dino, thriller ikutuko komedia dala. Gregorio eta Mikel Muro aita-semeak, ostera, Tiempo Inverso lanagaz datoz FANTera, denporan zeharreko bidaietan murgilduko gaituen filma. Bizitzan dana euki arren, denporea ezin dogula kontrolau eta hori aprobetxetan jakin behar dala, horixe gure lanagaz egin dogun gogoetea, azaldu dau Mikel Murok. Amaitzeko, Viaje a pies egin dau Khris Cembek, animazinozko filma.

Osorik irakurri