Aitor Mazo Etxaniz (Bilbo, 1961 - 2015eko maiatzaren 7a) aktore eta zinema zuzendaria gaur goizean hilda topau dabe Bilbon, Txurdinagako bere etxean.
Zineman, telebistan eta antzerkian makinatxu bat lan egindakoa, gazterik ekin eutson ibilbide profesionalari: 1987an, berbarako, Lauaxeta, a los cuatro vientos José A. Zorrillak zuzendutako filman parte hartu eban. Urte batzuk geroago, 1992an, barriz, Julio Medemen Vacas filman lan egin eban. Hortik aurrera 30 film baino gehiagotan parte hartu dau eta zinemagile ezagunenakaz, besteak beste, Julio Medem, Enrique Urbizu, Juanma Bajo Ulloa, Alex de la Iglesia eta Daniel Monzón. Aitor Mazoren azken film luzea, barriz, Emilio Martínez-Lázarok zuzendutako Ocho apellidos vascos (2014) filma izan da, Inaxio abadearen papelean.
Telebistan be lan asko egindakoa da Aitor Mazo, besteak beste, Manolito Gafotas (2004), El comisario (2000-2006), Hospital Central (2004), Compañeros (1998), Jaun ta Jabe (1997) eta Los ladrones van a la oficina (1993).
Antzerkian, barriz, Txirene taldearen Torito bravo eta Birus obratan ikusi genduan eta Maskarada taldeagaz be ibilitakoa da.
Orain bi aste Bilboko Loraldian izan zan, Anton Abbadiaren papelean. Eta bihar bertan Tanttakaren Barealdi magikoa antzezlanean taularatzekoa zan Iruñeko Gayarre antzokian.
Bizkaie! agerkarian birritan alkarrizketatu dogu Aitor Mazo: Valeria descalza filmaren estreinuaren inguruan eta bestea, Patxo Telleriagaz batera, La maquina de pintar nubes filman egin zitualako zuzendari eta gidoilari lanak.