Bilbao Arte galerian maiatzaren 29ra arte egongo da ikusgai This is the end of the world as you know it izenburuko erakusketea. Kepa Garrazak (Berango, 1979) errealismo handiko pinturea egin dau, errealidade distopiko bat erakusteko. Hondamendira bidean dan mundua erakusten dau, asmautako gertakariei benetako itxurea emonaz. Horretarako, besteak beste, egunkari eta telebistako albistegien estetikea kopiau dau. Bilbao Arte Fundazinoaren bekea jaso daben artisten artean bakarkako erakusketea egiteko aukeratu daben zazpi personetako bat da Garraza.
Erakusketako piezetan ezinegona eragiten daben gertakari ugari irudikatu ditu Garrazak: Ipar Korea eta Ameriketako Estadu Batuen arteko gerrea, agintari politiko eta ekonomikoen bahiketea, neonazien garaipena Grezian eta istilu larriak Madrilen. Jazo ez diran baina edozein momentutan jazo daitekezan momentuak dira eta, horregaitik, ezinegona sortzen dabe, adierazo dau Iñaki Lopez Agileta Bilboko Udaleko kultura zuzendariak erakusketearen aurkezpenean. Izan be, errealismo handiz kontauta dagoz koadroetako eszenak, eta mundu apokaliptiko baten barri emoten dabe. Kepa Garrazak azaldu dau, baina, bere asmo bakarra ez dala ikarea eragitea izan, esperantzarako tartea be itxi nahi izan dau. Nire asmoa, apokaliptikoa izatea baino, ikusleari gogoetarako bidea zabaltzea izan da, holako egoerak ez daitezen benetan jazo, zehaztu dau artisteak.
Serieko margolan gehienak hedabideen itxurapean egin ditu Garrazak. Holan, errealidade distopiko horretako jazoerak CNNren, Washington Post-en edo The Times-en ikuspegitik ikusiko doguz, euren estetikea erabili dau-eta egileak. Imaginau nahi izan dot horreek hedabideek zelan kontauko ete leukezan era horretako gertakariak, dino Garrazak. Lopez Agiletak ganeratu dau, komunikabideek gaur egungo gizartean daukien zereginaz gogoetea egiteko balio dauela. Kepa Garrazak onartu dau gaur egun gatxa dala jentea ikaratzea, mundu zabaleko hondamendien irudiak erakusten dira telebistan egunero, jentea ohituta dago. Halanda be, hausnarketea behinik behin, bultzatu nahi dau. Azaleko irudien azpian, ganera, ironia eta umorea be topau daitekezela azaldu dau, hondamendiaren kronikea baino, koadroak bihurrikeriatxua dirala esango neuke nik.
Kepa Garrazak, beste 36 artistagaz batera, Bilbao Arte Fundazinoaren bekea eskuratu eban igaz eta erakunde horrek Bilboko Urazurrutia kalean daukan egoitzan beharrean jardun izan dau. Juan Zapater Bilbao Arteko zuzendariak adierazo dauenez, Kepa profesionala da bete-betean, goizean goizetik etorten zan eta gogo handiz landu zituan artelan guztiak. Orain, Bilbao Arten bertan, bakarkako erakusketea atontzeko saria ekarri deutso lan gogor horrek. Erakusketa honetako koadroak jaioten ikusi doguz Bilbao Arten, dino Zapaterrek. Garrazaren gaitasun teknikoa goraipatu dau Bilbao Arteko zuzendariak, koadroak ia argazkien modukoak dira. Argazkigintzeak eta zinemeak errealidadea kontetako gaitasuna kendu eutsien pintureari, Kepak berreskuratu egin dau zeregin hori. Bilbao Arteko erakusketan, maiatzaren 29ra arte, 19 pieza ikusi daitekez, olioa mihisearen ganean dira batzuk eta gouachea paper ganean besteak. Bost koadro formatu handikoak dira.