Bizkaiko Jantzari Egunak 3.500 jantzari batuko ditu domekan, Zallan

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko mai. 12a, 00:00

Prest dago dana Zallan, domekan 35. Bizkaiko Jantzari Eguna hartzeko. Bizkaiko bazter guztietako 76 jantza taldek hartuko dabe parte, ume eta helduek. Goizean urte osoko lanaren erakustaldia egingo dabe, eta arrastian erromeria eta umeentzako jokoak antolatu ditue. Zallako Ibai Lora jantza taldeak, ganera, 50. urteurrena ospatuko dau. Antolatzaileek 10.000 lagun inguru espero ditue.

Bilboko Rekalde aretoan egin dabe aurkezpena, eta han izan dira Zallako Kultura zinegotzi Luis Martinez, Bizkaiko Jantzarien Biltzarreko Iñigo Couto eta Bizkaiko Foru Aldundiko zuzendari Gonzalo Olabarria. Urtebeteko beharra baino, urte askotako lanaren emoitzea erakutsiko dabe jantzari bizkaitarrek maiatzaren 17an, Zallan. Orduan ikusiko doguz taldeen trebetrasunak, eta akatsak bere bai. Egun oso berezia da jantzari taldeentzat, adierazo dau Coutok.

Zallako Ibai Lora jantza taldearentzat be egun benetan berezia izango dala nabarmendu dau Luis Martinezek, izan be 50 urte bete ditu aurten taldeak. Bagilean jantzari izandakook-eta belaunaldi arteko topaketa bat egingo dogu, baina domekako hau izango da ospakizunen hasierea edo, azaldu dau.

Kalejireak abiatuko dau Bizkaiko Jantzari Eguna, 11:00etan. Euskadi plazan hasi eta futbol zelaian amaituko dabe ibilbidea. 11:30ean, Durangaldeko Jantzari Jantzeak hasiko dau alardea, eta ostean etorriko dira Gipuzkoako jantzak, Jolas jantzak, Ibarzabal-Arku jantzea, Eltziegoko jantzak, Gorulariak, Kaixarrankea eta Larrain jantzea. Aurtengo nobedadea Ibarzabal-Arku jantzea izango da. 50eko hamarkadan asmautako jantzea da, Gipuzkoako janzkereagaz egiten da. Azkenean egitarauan sartzea erabagi dogu, argitu dau Coutok.

Jantza saioez aparte, trikitilari eta gaiteroak izango dira kalez kale, eta artisautza azokea be egongo da. Bazkalostean, 17:00etatik aurrera, Luhartz taldeagaz erromeria egingo dabe Euskadi plazan. Umeentzako tailerrak eta puzgarriak be antolatu ditue.

Aurten be, Bizkaiko Jantzari Egunerako kamisetea egin dau Bizkaiko Jantzarien Biltzarrak. Mendexako jantza bat da protagonistea, abuztuaren 1ean, urtero jantzan egiten dabe Mahaiganekoa izenekoa, hain zuzen be. Eguerdian egiten da, laburra izaten da bero handia egiten dau eta -azaldu dau Coutok- Oso ondo gorde dabe Mendexakoek.

Osorik irakurri